2020ko herrietako bozen karietara, Ipar Euskal Herriko 46 herrik izenpetu zuten Bizi mugimendu ekologistak pentsatutako «eraldaketa ekologikorako itun integrala»; herri horien bilakaera aztertu dute Bizikoek, baita ituna izenpetu nahi izan ez zuten beste hamar herrirena ere. Heldu den urtean herriko bozak izanen dira berriz, eta 2020-2026ko agintaldiko puntuaren egiteko garaia iritsi da: Biziko Anthony Lubranok BERRIAri kontatu dio zer-nolako arrapostu eta eraldaketez ohartu diren azken bost urtean.
Klima aldaketa erronka handia da... Uste duzue herriek erantzuten ahal diotela?
Maila guztiak dira inportanteak, baina maila lokala eskuragarrienetakoa da. Gainera, zuzenean, berotegi efektuko gasen %15 isurtzen dira herrietan; zeharka, %50 ere izan daitezke, hirigintza antolaketarako erabakiak kontuan hartzen baldin baditugu.
Berri ona da aterabideak ere tokian-tokian landu daitezkeela. Politika publikoek behar bezala jokatu behar dute; norabidea aldatu behar da.
Beraz, hiri horietan, nola gauzatu behar da trantsizio ekologikoa?
Guk gehiago ez diogu trantsizioa deitzen. Izan ere, zientzialariek erraten dute hamarkada honetan dela dena egitekoa, eta erdia jadanik pasatu da. Zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta gehiago dago egiteko, eta orduan gehiegi kostatzen da... Eraldaketa ekologikorako itun integrala da gure proposamena.
Itun horrekin funtzionatzen duzue, beraz.
Herriko bozen garaian proposatzen dizkiegu itunak. Badu bi agintaldi horretan ari garela, baina guk, gero, bilakaera aztertzen dugu. Azken agintaldi honi dagokionez, 2021ean egin genuen lehen txostena, 2023an agintaldi erdikoa, eta, orain, agintaldi bukaerakoa lantzen ari gara. Balioko digu gauzak nola aurreratu diren ikusteko eta, oro har, aztertzeko zertan garen lurralde mailan eta gaiaren urgentziari dagokionez.
2020-2026ko agintaldiaren bilan globalaren emaitzak irailaren 23an publikatuko ditugu, Baionan antolatuko dugun bilkura publiko batean.
«Guk gehiago ez diogu 'trantsizioa' deitzen. Zientzialariek erraten dute hamarkada honetan dela dena egitekoa, eta erdia jadanik pasatu da... Eraldaketa ekologikorako itun integrala da gure proposamena»
Tokiko elkartea zarete, eta herri anitz dira, txosten anitz...
46 herrik izenpetu dute eraldaketa ekologikorako ituna. Badira ere beste hamar herri 2.000 biztanletik gora dituztenak eta izenpetu nahi izan ez dutenak: Angelu, erraterako (Lapurdi). Halere, lurralde mailan eragina baitute, horien bilakaera aztertzen egiten dugu. Azkenean, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %86 edo %87 da.
Tokiko elkarte bat gara, ez gara ikerketa bulego bat. Horregatik, herritarrak gurekin parte hartzera animatzen ditugu: herrietan eramaten diren proiektu positiboen berri ematen ahal digute, eredugarriak direlarik influentzia oneko izan daitezkeelako, edo, bestela, bide okerretik doazen proiektuak salatzen ahal dituzte. Herrietako kontseiluak ezagutzeko garaian ere gurekin dira, hautetsiekin harremana lantzen laguntzeko eta gure desmartxak esplikatzen ditugularik ekiten hasteko urratsa egiten laguntzeko.
Ekintzarako urrats hori zer irizpideren arabera egin behar dute herriko etxeek?
Izenpetzen duten itunak zazpi lan ardatz hartzen ditu barne: autoaz besteko garraioak, eraikinen energiaren kudeaketa, %100 energia berriztagarrietan oinarritutako lurraldea, laborantza eta elikadura biologiko eta tokikoa, tokiko ekonomiaren bultzatzea euskoa garatuz, hondarkinen gutxitzea, ekonomia zirkularra, eta osoki betetzea Ipar Euskal Herriko klima, aire eta energia plana.
Gai horien lantzeko formakuntza saioak antolatu izan ditugu, hautetsiendako eta herriko langileendako pentsatuak.
Orain, agintaldi bukaerako txostenerako, jarraipen fitxak bidali dizkiegu herriko etxeei, lan ardatz bakoitzeko. Galdegiten diegu nolakoa zen agintaldi aitzineko egoera, herriko etxeak zer lortu duen agintaldi denboran, eta zer aurreikusi duen egitea ondoko agintaldian. Zenbakiak ere galdegiten dizkiegu, eginen dugun bilana ahal bezain objektiboa izan dadin.
Baina zenbait herriko etxek ez dizkizuete dokumentuak eman nahi izan.
Horregatik, CADAra jo dugu [administrazio agirien sarbidea kudeatzen dute], eskas genituen dokumentuak eskuratzeko. Ororen buru, 44 herrik helarazi dizkigute informazioak, guk aztertzen ditugun 56ak alde batera utzirik; horietarik 39k ituna izenpetu zuten 2020an. Eta beste bost herri ere badira itunaren izenpetzaile ez direnak baina azkenean informazioak helarazi dizkigutenak. Bestalde, hamabi herrik ez dute daturik eman.
Mapa interaktibo eguneratu batek zuzen-zuzenean erakusten du nork erantzun duen, eta herritarrei aukera ematen die beren herriaren erantzuna egiaztatzeko eta hiru klik eginez erraz interpelatzeko. Legearen arabera, eskatutako datuak interes orokorrekoek dira, baina ez dira kasik inoiz argitaratzen. Herriak gardenak izatea nahi dugu, herritarrei informazioa ematea.
«46 herrik izenpetu dute eraldaketa ekologikoaren ituna. Badira ere beste hamar herri 2.000 biztanletik gora dituztenak eta izenpetu nahi izan ez dutenak. Azkenean, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %86 edo %87 da»
Zer motatako informazioak lortu nahi dituzue?
Adibidez: bizikletaz ibiltzeko bideen luzera, eraikin publikoen energia kontsumoa, argiztapen publikoarena, energia fosilen kontsumoaren bilakaera, energia berriztagarrien ekoizpenaren eta kontsumoaren bilakaera...
Kantinei dagokienez, zenbatekoa den erabiltzen dituzten tokiko mozkinen eta mozkin biologikoen heina, zenbat menu begetariano eskaintzen dituzten... Euskoari dagokionez, zenbat dendak onartzen duten tokiko dirua erabiltzea...
Horiek guztiak zenbakiak dira, eta, nahiz biziki mugatzaileak izaten ahal diren, biziki lagungarriak ere badira: zeren konkretua galdegiten diegularik, biziki diskurtso ederrak dituzte, eta biziki motibatuak dira denak... Baina errealitatea, usu, arrunt bestelakoa da.
Zenbakiez at, beraz, konkretuki, zer proiekturi begiratu behar zaio ingurumenean duten eragina aztertzeko —positiboa edo negatiboa—?
Eremu publikoak berriz antolatu ote dituzten partekatzea hobeki egina izan dadin, adibidez: jende gehienek autoa erabiltzen dute, bideen %80 autoei egokituak baitzaizkie. Eta badakigu ez dela jasangarria, ez ekologikoki, ez ekonomikoki edo osasunari dagokionez.
Kantinei dagokienez, ohartzen gara usu bazter utzitako ardura dela. Alta, balegoke anbiziozko hazkurri politikarik bultzatzeko... Proiektu pedagogikoak pentsatuz gero, zentzua ematen zaie elikagaiei, eta haurrei irakasten zaie jatekoari desberdinki begiratzen.