Berotik babesteko azpiegiturak, inoiz baino beharrezkoago

Europan eta Euskal Herrian oraindik ez dago klima babeslekuak izendatzeko irizpideak ezartzen dituen legerik, baina bada aipamenik egiten duenik. Babeslekuek izan behar dituzten ezaugarriak zehaztu ditu Amorim-Maia ikertzaileak.

Azkuna zentroaren artxiboko irudi bat. Bilboko klima babeslekuetako bat da. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Azkuna zentroaren artxiboko irudi bat. Bilboko klima babeslekuetako bat da. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beroa etxe gehienetan barruraino sartu zen ekainaren amaierako sapan. Haize falta ere egon zen, gauak beroak izan ziren, eta etxeak gauez ezin freskatu izan ziren. Egoera hartan, klima babeslekuek protagonismoa hartu zuten. Bero handia egiten duen egunetan konfort klimatikoa eskaintzen duten lekuak dira, baina zer irizpide behar ditu leku batek klima aterpearen izendapena jasotzeko?

Zalantzak argitzeko, Ana Terra Amorim-Maiarekin hitz egin du BERRIAk; klima larrialdia aztertzeko BC3 zentroko ikertzailea da, eta klima babeslekuei buruzko ikerketa bat argitaratu du aurten, beste hainbat lankiderekin batera; nazioartean ezagun egin da ikerketa.

Lehenik eta behin, garbi utzi du klima babeslekuen kontzeptua orokorrean hiriguneetan zentratzen dela, batez ere hiri eremuetan bero-uharte efektua sortzen delako, biztanleria handiagoa duelako eta berdegune gutxiago dagoelako: «Eskari eta eskaintza kontua da. Hirietan bero uhartearen efektua sortzen da, hiriak eraikitzeko erabili ditugun materialek beroa pilatzen dutelako, baina badituzte azpiegiturak klima babesleku izan daitezkeenak. Landa eremuko udal txikiek ez dute klima babesleku bilakatu daitezkeen horrenbeste azpiegitura publiko».

Laburbilduz, klima babesleku batek konfort termikoa eskain dezakeen leku bat izan behar duela azaldu du Amorim-Maiak, baina ez hori bakarrik: «Sabai bat edo aire girotua eskaini baino zerbait gehiago egin behar du. 28 edo 29 gradu gainditzen ez dituen tenperatura bat eskaini behar du, baina baita edateko ura ere, atsedena hartzeko aulkiak, komun bat posible denean...».

«[Klima babeslekuak] 28 edo 29 gradu gainditzen ez dituen tenperatura bat eskaini behar du, baina baita edateko ura ere, atsedena hartzeko aulkiak...»

ANA TERRA AMORIM-MAIA BC3-ko ikertzailea

Bi motatako babeslekuak daude: kanpokoak eta barnekoak. Esan duenez, kanpoaldekoak «nahikoa itzal» eskaini behar du, tenperatura hozteko ahalmen hori izan dezan. Azaldu duenez, Euskal Herrian, bereziki isurialde atlantikoan, kanpoaldeko klima babeslekuak oraindik eraginkorrak dira, baina, kaleko tenperaturak 37 gradu inguru gainditzen dituenean, jada kanpoaldeko babeslekuak ez dira gomendagarriak.

Babeslekuen ezaugarriak

Eta aterpe itxiek ez dute zertan aire girotuko sistema bat izan behar: «Aire girotua izan dezakete, edo bestela tenperatura fresko bat mantendu arkitektura pasiboarekin, eguraste gurutzatuarekin... Bilboko Alondegiak, adibidez, ez du aire giroturik, baina eraikia izan zen moduak, sabai altu horiek eta eguraste gurutzatuak freskatu egiten dute». Elizak ere gogora ekarri ditu: «Ez naiz fededuna, baina hiri bat bisitatzen ari naizenean, askotan eliza batean sartzen naiz, eta ez soilik ikusteko: baita berotik pixka bat babesteko ere». Uste du halako kasu asko daudela: klima babeslekuaren etiketa edo marka izan ez arren, herritarrek barneratuta daukate haien erabilera, «modu oso espontaneoan».

Klima babeslekuak izendatzerakoan ordutegia ere funtsezkoa dela esan du: «Siesta orduan edo abuztuan itxi egiten den liburutegi bat, adibidez, ez da erabilgarria, berorik handiena orduantxe egiten baitu. Herritarrentzat baliagarria den ordutegi bat izan behar dute.

Babeslekuetara iristeko moduak ere badu garrantzia. Ez baita gauza bera bost minutuko ibilaldi bat egitea itzalean edo hogei minutuz errepide handi baten ondotik eguzkipean ibili behar izatea. «Ezinbestekoa da ondo komunikatuta egotea eta jendeak non dagoen jakitea. Bilbon, adibidez, horrenbeste aldapa daudenez, ez du zentzurik andrazko nagusi bati Santutxuko aldapa hamar minutuz igotzeko eskatzea eguerdiko ordu bietan. Hiriek, halako espazioetan inbertitzeaz gain, itzala eskaintzen duten azpiegituretan inbertitu behar dute, ibilbide itzaltsuak egiteko. Hiri guztiak gune freskoak eskaini behar ditu».

Babesleku sareak garatzen

Legediari dagokionez, klima babeslekuak oraindik ez daude oso araututa. Europako Batasuneko zuzenbideak, adibidez, herrialdeak behartzen ditu klima aldaketara egokitzeko neurriak hartzera, baina ez du epaimen zehatzik egiten babeslekuei buruz. Espainiako legediak ere antzeko zerbait egiten du, eta Frantziakoak, berriz, bero boladetan espazio klimatizatuak zaurgarrienei irekitzeko plan bat du martxan. Eusko Jaurlaritzak, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 2024ko Legearen bitartez, klima babeslekuen sarea osatu du udalerriekin batera, eta 500 aterpe inguru daude aktibo gaur egun.

134

 

BILBON DAUDEN KLIMA BABESLEKUAK. Bilbo da klima babesleku gehien duen Euskal Herriko udala. Guztira 134 ditu, 66 kanpoaldekoak eta 68 itxiak.

Nafarroan, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 2022ko Legea onartu ostean, babeslekuen sare bat antolatu du Nafarroako Gobernuak, eta haren webgunean daude ikusgai aterpe guztiak.

Euskal Herriko udal jendetsu askok jada ehunka klima aterpe dituzte, eta badira horiek sortzeko urratsak egiten hasi direnak. Urte hasieran, adibidez, Durangoko Udalak (Bizkaia) klima aterpeak sortzeko prozesu bat abian jarri zuen, eta azken asteetan hainbat bilera parte hartzaile egiten ari dira bizilagunekin gaia sakon lantzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA