Berralokatuta dagoen etxe bateko bi familia etxegabetze arriskuan daude Donostian

Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eman du kasuaren berri, eta antolatzera dei egin. Bihar 18:30ean Añorgako Amassorrain ikastolan elkartuko dira, eta ortziralean, etxegabetzea deituta dagoen egunean, 09:00etan etxebizitzaren aitzinean.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldi bat Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldi bat Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko uztailaren 1a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi familia etxegabetze arriskuan daude Donostiako Añorga Txiki auzoan, eta tartean 2 eta 13 urteko adingabeak daude. Hala jakinarazi du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta gehitu bi familia horiek berralokatuta dagoen etxe batean bizi direla. Etxe horren alokairu kontratua duen pertsonak logela bana berralokatu die familiei, hilean 500 euro baino gehiagoren truke, kontraturik gabe. Pertsona hori ez da etxebizitzan bizi, eta, familiei errenta kobratu eta gero, ez dio ezer eman etxejabeari; eta orain familiak daude etxegabetze arriskuan.

Horiei babesa ematera dei egin du sindikatuak, eta erran bihar 18:30ean Añorgako Amassorrain ikastolan elkartuko direla, eta ortziralean, etxegabetzea deituta dagoen egunean, 09:00etan etxebizitzaren aitzinean. 

Sindikatuak azaldu duenez, familietako batek bi urte daramatza egoera horretan, eta bigarrena aurtengo ekainean sartu zen etxebizitzara; ez zuten iruzurraren berri. Ordea, berralokatze eredua onartzera behartuta ikusi zuten beren burua, etxebizitzaren alokairu kontratua duen pertsonak erran baitzien erroldatuko zituela, baina ez du errandakoa bete.

Maiatzean abiatu zuen etxejabeak errentatzailearen kontrako etxegabetze prozesua, baina bi familiak dira horren ondorioak jasan beharko dituztenak, sindikatuaren erranetan. «Kontraturik ez dutenez eta etxegabetze prozesua erdibideko pertsonaren izenean dagoenez, babesik gabe daude. Ez dute eskubiderik izan defendatzeko etxegabetze prozesuaren parte izan direla, eta kaltetu nagusiak haiek direla», erran du sindikatuak ohar bidez.

Aukera bakarra

Berralokatze kasuak hedatzen ari direla erran du sindikatuak, eta horrek sektore zaurgarrienak «babesik eta eskubiderik gabe» uzten dituela: etxegabetze prozesuetan, errolda lortzeko orduan edo diru laguntzak lortzeko bidean. «Sektore kolpatuenek askotan horrelako iruzurrak onartzeko aukera bakarrik izaten dute, gehienetan etxebizitza gehienen prezio altuak direla eta. Etxejabe edo erdibideko errentatzaile horiek, askotan, beste alternatibarik ez dutenen egoeraz probesten dira etekin ekonomikoak handitzeko», gehitu dute.

Hala, salatu dute Añorgako kasuan gizarte zerbitzuek ez dietela alternatibarik eskaini, eta nabarmendu horrelakoetan ikuspegi juridikotik nahiz administratibotik pertsona horiek ez direla etxegabetuak, eta, beraz, ez direla «larritasun handiko» kasu gisa artatzen. «Etxebizitzaren negozioa handituz, prezioak igoz eta langile klaseko sektoreak pobretuz doazen heinean, horrelako fenomenoak gehiago hedatuko dira», erran dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA