Gaurkotzeko bidean, beste pauso bat jarri du mahai gainean EHU Euskal Herriko Unibertsitateak: ikastegiak berrantolatu egin nahi dituzte, fakultate gutxiagotan bildu ikasketak. Aurreko egunetan unibertsitateko arduradunekin bilerak egin ditu errektore taldeak, eta publikoki gaur aurkeztu du berrantolaketa plana.
Zentroak fisikoki desagertzea ez da helburua, baizik eta zentro batzuk eta besteak elkarrekin lanean jartzea, fakultate berean aritzea. Hona, herrialderik herrialde, izango diren aldaketak:
1. Araba. Zazpi eskola ez, lau izango lituzke: letren fakultatea, farmaziakoa, ingeniaritzakoa eta irakasleena —batu egingo lirateke irakasle eskola eta jarduera fisikoari dagokiona—. Enpresa ikasketen eskola eta gizarte langintzakoa beste herrialdeetakoekin batuko lirateke.
2. Bizkaia. Campusik handiena da Bizkaikoa, eta hala izaten segituko du aurrerantzean ere. Hamahiru zentro diru orain, eta bederatzitan biltzea da errektoretzaren asmoa. Adarrak batuta lortuko dute hori. Hara zein izango diren bederatzi fakultateak: zientzia eta teknologia, arte ederrak, medikuntza —erizaintza barruan duela—, ingeniaritza —Bilboko eskola, industria ingeniaritzako eskola, eta meatze eta herri lanena batuta—, nautika eta itsas makineriakoa, irakasleen eskola, ekonomia —enpresa ikasketak barruan—, lan harremanak, eta gizarte eta komunikazio zientziak.
3. Gipuzkoa. Gaur egun 11 zentrotan antolatuta dago Gipuzkoako campusa, eta zazpira pasatu nahi du errektoretzak. Aldaketa nagusiak hauek dira: erizaintza Bizkaikoarekin batuko da, Eibarko ingeniaritza eskola Donostiakoarekin, hezkuntza zientzien fakultatea irakasleen eskolarekin, eta enpresa ikasketen eskola Bizkaikoarekin eta Arabakoarekin.
Iñaki Goirizelaia errektoreak esan du aldaketa handia izango dela. Parte hartze prozesu bat abiarazi asmo du errektoretzak orain. Azaroan onartu nahi dute aldaketa.