Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, bikotekidearen 12 urteko ilobari sexu eraso bat egiteagatik. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du zigorra.
Zigortuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen. Argudiatu zuen, besteak beste, bere errugabetasun presuntziorako eskubidea urratu zutela, zigorra adingabearen lekukotzan oinarritu zelako. Haren iritziz, neskaren kontakizuna «anbiguoa» eta «kontraesakorra» izan zen, eta ez zen egon kontakizun horren berrespen objektiborik.
EAEko Auzitegi Nagusiak babestu egin ditu Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ateratako ondorioak, adingabearen sinesgarritasun subjektiboari eta haren testigantzaren barne koherentziari buruzkoak. Era berean, baztertu egin du adingabeak inolako «asmo faltsurik» izan duenik. Gogoratu du epaiketan, neskaren lekukotzaz gain, beste informazio batzuk ere izan zirela, «akusatuari egotzitako gertakariak egiaztatzeko».
EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ezarritako espetxe zigorra eta 40.000 euroko kalte ordaina «proportzionalak» dira egiaztatutako gertakarien neurriarekiko eta biktimak jasandako kalte psikologikoekiko.
Pasaian (Gipuzkoa), bertako udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek gaitzetsi egin dute iragan igandean emakume batek jasan zuen erasoa. Gizon batek urratu egin zuen urruntzeko agindua eta eraso egin zion emakumeari. «Gure herrian ez dugu onartuko indarkeria matxistaren adierazpen bakar bat ere», ohartarazi dute. «Bortizkeria horri aurre egiteko ardura kolektiboa da, eta Pasaian ez gara isilik geratuko».