Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak hogei urte, sei hilabete eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, haren bikotekidearen seme adingabeari tratu txarrak emateagatik eta sexu erasoa egiteagatik 2017 eta 2018 bitartean. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin dio zigorra. Amari urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten tratu txarrak ez eragozteagatik, eta zigor hori ere berretsi dute. Mutilak 6-7 urte zituen.
Epaiaren arabera, gizonak kolpeak ematen zizkion umeari, kosk egiten zion, ur hotzarekin dutxatzen zuen eta gela ilun batean ixten zuen. Egun batean sexu eraso bat ere egin zion.
Bai gizonak eta bai mutilaren amak helegitea aurkeztu zuten Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren kontra. Argudiatu zuten zenbait akats izan zirela frogak aztertzeko orduan, haien errugabetasun printzipioa urratu zela eta ez zela egon haiek zigortzeko froga zuzen eta objektiborik. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu, uste baitu Gipuzkoako Auzitegiak haien kontrako froga «multzo bat» aletu zuela, eta froga horiek guztiek erakusten dutela zigorrak ondo ezarriak daudela.