Adituen azalpenak bazkalaurreko tertulia saioetan, bizilagunak eta lagunak duela sei urte bizitakoari buruz brometan, azken orduko goiburuak eta politikarien arteko akusazioak, eta ozen esan gabe ere laino beltz baten gisan zabaldu den galdera bat: berriro? Apiril amaieratik maiatz hasierara bitartean, hantabirus gaitzaren zenbait kasu identifikatu zituzten MV Hondius gurutzaontzian, eta Atlantikoko uretan barrena ailegatu da COVID-19ak eragindakoaren gisako beste pandemia bat zabalduko den beldurra. Felix Zubia Donostia Ospitaleko medikuak kezka hori uxatu du, ordea: «Kutsakortasuna oso apala da».Â
OME Osasunaren Mundu Erakundeak maiatzaren 3an eman zuen hantabirusaren agerraldiaren berri, eta bolo-bolo zabaldu zen kezka: ordutik Atlantikoaren punta batetik bestera zihoan gurutzaontziari segika aritu dira zuzenekoetan, eta Espainiako politikan ere eragin du ika-mika, Espainiako Gobernuak hala aginduta onartu baitzuen Kanarietakoak MV Hondius Tenerifen porturatzea. Zubiaren irudiko, hein batean «normala da» jendea izutzea, iritzita COVID-19ak «trauma bat» sortu duela; halere, esan du jakin egin behar dela azaltzen zer kasutan larritu eta zeinetan ez, eta «agerraldiari dagokion dimentsioa» ematen. Haren arabera, hedabideetan egon den agerpena «izugarria» izan da, eta «neurriz kanpokoa».
Izan ere, hantabirusa ez da orain sortu den gaixotasun bat; kontrara, haren agerraldiak ohikoak dira bai Argentinan, bai Txilen. Zubiaren arabera, kasu horiek «transmisio lokalak» ziren, eremu jakin batean zabaltzen ziren, eta ez dira inoiz nazioartean horrenbeste zabaldu. «Kontua da agerraldi hau itsasontzi batean gertatu dela, jatorri askotako jende mordo bat zegoen itsasontzi batean, eta lehen kasuak identifikatu zirenerako pertsona batzuk dagoeneko handik irtenak zirela», azaldu du.Â
«Gu prestatuta gaude, baina hori piramidearen erpina besterik ez da; azpiko egiturek ere sendo behar dute»
 FELIX ZUBIA Donostia Ospitaleko medikua
Aurreneko kasuen berri izan zutenerako, hain zuzen, MV Hondius-en egonak ziren dozenaka bidaiari etxera itzulita zeuden. Askok, gainera, hegaldiak hartu zituzten horretarako. «Litekeena da kasu bakan batzuk gehiago azaltzea, inkubazio tartea oso handia baita», ohartarazi du Zubiak. Halere, Donostia Ospitaleko medikuak uste du egin beharrekoa egin dela, eta «neurri egokiak» hartu dituztela hantabirusarekin kutsatutakoak artatzeko eta transmisio katea ahalik eta lasterren eteteko.Â
Dena den, iritzi dio osasun publikoa hori baino «askoz gehiago» dela, eta garrantzitsuena ahalik eta kasu gutxien izatea dela, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak izatea. Hala, Zubiak azaldu du osasun publikoa ez dela soilik pertsona guztientzat unibertsala den osasungintza eredu bat, baizik eta pertsona guztien osasunaz arduratzen den osasungintzaren atal bat: estolderiak, elikagaiak eta gaixotasun infekziosoak ere aintzat hartu behar dira. Nabarmendu du osasun publiko «indartsu bat» behar dela, horrelako gaitzak direnean neurriak «ondo» hartu daitezen. «Gu prestatuta gaude, baina hori piramidearen erpina besterik ez da; azpiko egiturek ere sendo behar dute».
Andeetako aldaera
Hantabirusa karraskariek transmititzen duten birus familia bat da, eta, Zubiak azaldu duenez, bi taldetan banatzen dira: «Europakoak eta Asiakoak sukarra eragiten dute, batzuetan baita plaketen jaitsiera, hemorragia pixka bat eta giltzurruneko edo gibeleko kaltea ere, baina arinagoak dira, eta ez dira pertsonen artean transmititzen; Amerikakoak, berriz, larriagoak dira». MV Hondius gurutzaontzian Andeetako aldaera zabaldu zen. Birus mota hori Txilen eta Argentinan dago, Patagonia inguruan, eta karraskarietatik gizakietara ez ezik gizakien artean ere transmiti daiteke.
MV Hondius gurutzaontzia Ushuaiatik (Argentina) irten zen apirilaren 1ean, handik Kanaria uharteetara joatekoa zen, Atlantiko hegoaldea gurutzatuz eta zenbait geldialdi eginez, hala nola Antartikan eta Malvinetan; 23 herrialdetako 149 bidaiari zeuden bertan. Hantabirusarekin kutsatu zen aurreneko bidaiaria apirilaren 11n hil zen: haren gorpua 24an atera zuten gurutzaontzitik, eta Santa Elena uhartean utzi. Haren emaztea Johannesburgora (Hegoafrika) eraman zuten. Egun hartan beste 30 bidaiari ere gurutzaontzitik irten ziren. Aurreneko hildakoaren emaztea apirilaren 26an hil zen, eta, hurrengo egunean, beste bidaiari bat ospitaleratu zuten Johannesburgon. Bi horiek ere hantabirusa zuten. OMEk maiatzaren 2an eman zuen abisua: hantabirusaren agerraldi bat zegoen.
Andeetako aldaera besteak baino larriagoa da, kasu batzuetan kalteak sor baititzake biriketan eta bihotzean, eta gutxi gorabehera %60ko heriotza tasa du. Halere, transmisio katea «motza» dela nabarmendu du Zubiak: «Oso kontaktu estua behar izaten da gizakien artean kutsatzeko, eta gehienez ere pertsona batek beste pertsona bat kutsatu dezake. Bigarren pertsona horrek hirugarren bat kutsatzea oso zaila da, eta orain arte ez da erregistratu hirugarrenetik aurrera kutsatu daitekeenik».
Inkubazio denbora, baina, sei asterainokoa izan daiteke, eta horrek zaildu egin dezake kutsatutakoak garaiz identifikatzea. OMEk jakinarazpena egin ondoren, maiatzaren 3an, MV Hondius gurutzaontziak Cabo Verderen menpeko uretan bota zuen aingura, eta han egon zen harik eta joan den igandean Kanarietako Granadillan porturatu zen arte. Tarte horretan, OMEk hantabirusarekin kutsatutako kasu gehiagoren berri eman zuen: gaur-gaurkoz, 11 dira, baina dozenaka daude ospitaleetan bakartuta.Â