komunikabideak

BERRIA Taldeak "hurrengo urteak ziurtatzeko" 5.000 lagunen diru ekarpena behar du

Sostengu bide berriei buruz eta etorkizuneko proiektuez hitz egiteko bilera egin du akziodun, irakurle eta harpidedunekin, Andoainen. 'Zure ziztada behar dugu' lelopean kanpaina hasiko du BERRIA Taldeak, urtean 100 euroko ekarpena egiteko prest daudenak lortzeko. "Ezinbestekoa da hori erdiestea, bestela zaila izango zaigu orain arteko bideari eustea". Bilerako argazki bilduma

2011ko azaroaren 26a
16:49
Entzun

"Urtean 100 euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren 5.000 lagun topatzea da gure helburua, eta bide horretatik ziurtatzea hurrengo urteak". Hori ondorioztatu eta erabaki dute BERRIA Taldeak gaur akziodun, irakurle eta harpidedunekin Andoainen egindako bileran. Sostengu bide berriei buruz eta etorkizuneko proiektuez hitz egiteko hainbat eta hainbat lagun elkartu dira goizean, Martin Ugalde kultur parkean.

Orain, diru ekarpenak biltzeko kanpainari ekingo dio BERRIA Taldeak, Zure ziztada behar dugu lelopean. "BERRIA zaleon komunitatea indartu eta elkarrekin proiektuaren geroa ziurtatu nahi dugu", esan du Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. 

Hedabide taldeak azpimarratu du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak", adierazi du Larrartek. Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa (paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin) eta krisi ekonomikoa (erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago).

Taldeak aitortu du gaurko egoera ekonomikoa ez dela onena inorentzat eta denei kostatuko zaiela beste ekarpen bat egitea, "baina ezinbestekoa da BERRIAren proiektuari eusteko eta erronka berriei ekiteko. Bestela, zaila izango zaigu orain arteko bideari eustea. Lantzen ari garen negozio bide berriak eta langileek egindako ahaleginak ez dira nahikoa bideragarritasun ekonomikoa lortzeko".

2003ko ekarpena gogoan

Egunkaria-ren itxieran euskal herritarrek emandako laguntza ekarri du gogora Larrartek. "2003an 24.000 lagunek egin zuten diru ekarpenak bidea eman zuen BERRIA Taldea eta BERRIA egunkaria sortzeko. Aurrera begira ere herritarren sostengua behar dugu orain artekoari eusteko eta proiektu berriak garatu ahal izateko".

Gaur batzarra egin ondotik, bihartik aurrera publizitate kanpaina abiatuko du paperean eta sarean. Bigarren fase batean herritar, gizarte talde eta enpresengana joko du, eta hirugarren fasean BERRIAren 10. urteurrenarekin batera lotu nahi du (2013ko ekaina).

BERRIAren ahalegin handiak izan arren, diru sarrerak behera

BERRIAk dio orain arte ahalegin handia egin duela krisi bikoitzaren egoerara egokitzeko. "Papereko eskaintza osatzera eta ugaritzera jo izan dugu, irakurle berriak erakartze aldera". Iaz, adibidez, herrialdeetako Hitza-k jarri zituzten martxan. Hala, produktu berean, irakurleari eskualdeko, herrialdeko eta nazioko informazioa ematen zaio. Interneten ere hobetu du eskaintza BERRIA Taldeak. Hitza-k martxan jartzearekin batera, Berriketan sare soziala sortu zuten. Horri, blog eskaintza eta Berria TBk egindako emankizunak gehitu behar zaizkio".

Krisi ekonomikoa ere eragiten ari da hedabideetan. BERRIA Taldearen kasuan, bi esparrutan igarri da hori: publizitate fakturazioaren jaitsieran eta jasotako diru laguntzen murrizketan. Gainerako paperezko hedabideetan bezala, publizitate bidezko diru sarrerak nabarmen gutxitu zaizkio. "Lehen ere ez ziren oso handiak, eta asko jaitsi dira azken urteetan: %30 galdu dugu, 1.300.000 euro".

Erakundeetako diru laguntzak ere gutxituz doaz. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, jaitsi egingo ditu 2012rako euskarazko hedabideetarako diru laguntzak. Jaitsiera hori 538.199 eurokoa izango da, Kultura Sailaren aurrekontuetan jasotzen denez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.