BERRIAk eta Nafarroa Oinez-ek elkarlanerako akordioa sinatu dute, hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak eskuz esku lan egiteak duen garrantzia kontuan hartuta. «Nafarroa Oinez-en helburuetako bat bada euskalduntasuna indartzea Nafarroan; horretan, Nafarroako ikastolek eginkizun oso garrantzitsua betetzen dute. Garrantzitsua da hezkuntza komunitatearekin harremanak sendotzea eta ekimen batzuetan eskutik helduta aritzea; baditugu partekatzen ditugun helburuak», azaldu du Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak. Horregatik, «ahalik eta lankidetzarik sendoena egitea beharrezkoa eta aberasgarria da denontzat».
Lankidetza horixe izenpetu dute gaur. Nafarroako ikastolen aldeko jaia Atarrabian izango da, urriaren 19an, Paz de Ziganda ikastolak antolatuta. Asteburu osoko egitaraua ondu dute, eta bertan izango da BERRIA ere: Mantangorri tailerra eta Asier Kidam magoaren emankizuna eskainiko ditu. Horrez gainera, igandean, BERRIAk bere postua izango du, zozketa bat egin asmo dute, eta Nafarroa Oinez-eko tonbolarako materiala jarriko du eskura.
BERRIAk, eman ez ezik, jaso ere egingo du: «Bereziki eskertu nahi dugu Atarrabiako ikastolako komunikazio kanalen bidez bertako gurasoei BERRIAlagun egiteko eskaintza egiteko konpromisoa hartu izana».