BERRIAko euskara arduradun Irene Arrarats euskaltzain oso izateko hautagaia da

Gaur Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egindako osoko bilkuran aurkeztu dute hautagaiaren izena.

Irene Arrarats, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irene Arrarats, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 31
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irene Arrarats BERRIA egunkariko euskara arduraduna euskaltzain osoa izateko hautagaia da. Gaur Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin den osoko bilkuran aurkeztu dute hautagaitza. Bera da Andres Alberdi euskaltzainak utzitako lekua betetzeko hautagai bakarra. Azaroaren 28an izango da hurrengo osoko bilkura, eta hantxe egingo da izendapena ebazteko bozketa. Andres Alberdi emeritu bihurtu zen uztailaren 1ean, 75 urte bete zituen egunean. 

Arrarats Hernanin sortua da (Gipuzkoa), 1967an. Euskarazko prosa lantzeari loturiko lan ibilbide oparoa du. Euskaldunon Egunkaria-n jardun zuen 1991tik hura itxi zuten arte, estilo zuzentzaile eta itzultzaile aurrena, eta euskara arduradun gero. 2003an, BERRIA sortu zenean, bertan hasi zen, euskara arduradun. BERRIAren estilo liburuaren zuzendaria ere bada. 

2007tik ari da Euskaltzaindian, eta zenbait batzordetan jardun du: Hiztegi Batuko lantaldean, Exonomastika batzordean, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldean eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren batzordean. Euskaltzain urgazlea da 2018. urtetik. 

Idazkuntzaren eta hizkuntzaren inguruko gogoetak biltzen dituen Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da. Bere jardunbidean, halaber, feminismoaren inguruko lan ugari itzuli ditu. Monique Wittingen Pentsamendu heterozuzena saiakera —beste batzuekin batera—, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera eta Marjane Satrapiren Persepolis komikia euskaratu ditu, besteak beste. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.