Berasain atzo arratsean ailegatu zen Aaiunera, eta lehen unetik traba handiak jarri zizkion Marokoko Poliziak. Maletak miatzean ordenagailua-eta aurkitu zizkiotenean, kazetaria zela esan zuen Berasainek, eta orduan Aaiunera ezin zela sartu esan zioten poliziek, eta Agadirera (Maroko, Aaiunetik 500 bat kilometro iparraldera) zihoan hegazkina hartzeko.
Kazetariak uko egin zion Agadirera joateri. Ondorioz, aireportuko gela batera eraman eta hiru bat orduz han eduki zuten zazpi bat poliziarekin. Azkenean, emakumezko bi poliziari hotsegin, haiek besoetatik indarrez hartu, eta Agadirrera zihoan hegazkineraino eraman zuten, eta sartzera behartu.
Agadiren igaro du gaua. Bitarte horretan BERRIAko zuzendaritzak eta Berasainek berak hainbat gestio diplomatiko egin dituzte Espainiako kontsulatuaren bidez, eta gaur eguerdian Marokoko Informazio Ministerioaren baimena jaso du kazetariak Aaiunera joateko.
Baimena eskuratuta, Agadireko aireportura joan da Saharara zihoan aurreneko hegaldia hartzeko. Baina aireportuan debekuarekin topo egin du berriro: Aaiunera joan dadin galarazteko "Poliziaren agindu zehatzak" daudela jakinarazi diote, eta agindu horien ondoan Informazio Ministerioaren baimenak ez duela ezertarako balio.
Gainera, Saharara zihoan hegazkinak Kanariar Uharteak zituen azken helmuga. Ondorioz, nahi izanez gero hegazkin hori hartzeko esan diote poliziek Berasaini, baina argi utzi diote, Aaiunen ezin izango zuela aireportutik atera; hots, Kanariar Uharteetaraino jarraitu beharko zuela bidaia.
Hori jakinda Agadiren geratzea erabaki du BERRIAko kazetariak.
BERRIAko zuzendaritzak, berriz, Berasaini gertatutakoa salatu du, eta Marokoko Gobernuak adierazpen askatasunaren aurka egindako erasoa dela iritzi dio. Debekuaren bidez Rabatek Aaiunen gertatzen ari denaren berri ematea galarazi nahi duela adierazi du BERRIAko zuzendaritzak.
Adierazpen askatasuna
BERRIAko kazetari bati Saharan sartzea galarazi dio Marokoko Poliziak
Kristina Berasain BERRIAren Mundua saileko kazetariari Saharan sartzea debekatu dio Marokoko Poliziak. Berasain atzo arratsaldean heldu zen Aaiungo (Sahara) aireportura, egunotan herrialde hartan izan den altxamenduaren berri jasotzeko asmoz. Marokoko Poliziak, ordea, debekatu egin zion aireportutik ateratzea. Gainera, indarrez hegazkin batean sarrarazi zuen, eta Agadirera (Maroko) eraman. Agadiren, zenbait gestio diplomatikoren ondorioz, Aaiunera joateko Marokoko Informazio Ministerioaren baimena lortu du gaur Berasainek. Hala ere, Saharara joateko Agadireko aireportura hegazkinera hartzera joan denean, han zain zeuzkan poliziek debekatu egin diote berriro Aaiunera abiatzea: "Poliziaren agindu zehatzak" direla esan diote. BERRIAko zuzendaritzak Marokoko Gobernuak adierazpen askatasunari egindako eraso hori salatu du. Halaber, adierazi du debekuaren bidean Aaiunen gertatzen ari denaren berri ematea galarazi nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu