Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dituzte gaur, eta BERRIAren Feminizketak seriea eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektua gailendu dira. Lehenari Kazetaritza saria eman diote, «puntako pentsalarien gogoeta mamitsuak» irakurtzeko aukera emateagatik. Bigarrenak, berriz, Komunikazio saria irabazi du, gazteen gertuko edukiak egiteagatik, sakontasuna galdu gabe. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestaran kazetariari eman diote, zientzia dibulgatzaile «jori eta eskuzabala» izateagatik.
Rikardo Arregiren omenezko aitortza horien bitartez, euskararen normalizaziorako ezinbestekotzat jotzen dituzten bi alor saritzen dituzte urtero: euskal kazetaritza, eta garaian garaiko beharrizanetara egokitutako komunikazio prestu eta modernoa. Helburu horren alde, 36. aldiz banatu ditu sariak Andoaingo Udalak gaur, Andoaingo Bastero kulturgunean egin duten ekitaldian.
Epaimahaiak nabarmendu du Feminizketak serieak aukera eman duela «puntako pentsalarien gogoeta mamitsuak» irakurtzeko, eta horregatik eman diete Kazetaritza saria egileei. Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela pentsalari eta ekintzaile feministei egindako elkarrizketa bildumak osatzen du seriea. Ekainean argitaratu zuen BERRIAk, eta, orain, liburu batean bilduta ere eskuratu daitezke sei elkarrizketak.
BERRIAko Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egin dute seriea, eta azken hirurak izan dira Basteron, sariagatik eskerrak ematen. Jaurenak hartu du hitza lauren izenean: «Bartzelonako Fira Literal azoka abiapuntu, Maiterena izan zen bilduma hau egiteko burutazioa. Gaur ezin izan da etorri, baina besarkada handi-handi bat igortzen diogu hemendik. Baita eskerrik handiena ere, hirurei proiektu honetan gure aletxoa jartzeko aukera emateagatik».
Jaurenak nabarmendu duenez, sei elkarrizketek gakoak ematen dituzte indarkeria matxista paradigma politiko, sozial eta kultural batekin lotzeko: «Elkarrizketek erakusten dute indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbertzekoa dela memoria kolektibo feminista bat eraikitzea. Ezinbertzekoa dela mugimendu feministak urte luzez egin duen sarea, elkar zaintzea eta babestea».
Nabarmendu dute BERRIAk memoria ariketa horren parte izan nahi duela: «Eta horretarako, kazetaritza egiten jarraituko dugu, kazetaritza feminista, euskaraz. Hori da gure konpromisoa, duela hiru egun mugimendu feministak kalean aldarrikatutakoaren ildotik: patriarkatuaren eta indarkeria matxistaren egiturak eta funtzionamenduak azaleratu, bizirik ateratako emakumeei hitza eman, isiltasuna amaitu... Kazetaritzak gizarte justu bat eraikitzeko balio dezan».
Ildo horretatik, epaimahaiak zera aitortu die Feminizketak seriearen egileei: «Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza».
Komunikazio saria
Komunikazio saria, berriz, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuari eman diote. Bideo labur dibulgatiboak ekoizten ditu proiektuak, euskaraz, hainbat gaien inguruan: filosofia, historia, ekonomia, ingurumena… «Ikusgelak ikus-entzunezko formatuan sortzen ditu edukiak, gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe», nabarmendu du epaimahaiak.
Ander Bolibar igo da oholtzara, kideen izenean. «150 bideo ditugu, zortzi bildumatan banatuta, eta laurogei pertsona aritu gara horretan. Lantalde handia dago eguneroko lan horren atzean», azpimarratu du. Gainera, zera aldarrikatu du: «Uste dut sareko ikus-entzunezko libreetan ere apustua egiteko garaia dela. 2020an hasi ginen euskarazko eduki librea egiten, eta oraindik badaukagu gauzak egiteko gogoa. Norbait animatzen bada elkarrekin egitera, gu pozik egongo gara».
Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea ere oholtza gainean izan da. «Euskarak etorkizuna izango du baldin eta hemen ikusi eta sentitu ditugun hainbat zutabe baditugu. Euskarak zerbaiti heldu behar badio, bizi dugun gizarte likido eta globalizatu honetan, zerbaitek aurrerabidea emango badio, sormenak emango dio», adierazi du.
Mugarria, Galarragari
Gainera, Ana Galarraga kazetariari eman diote ohorezko mugarria. Zientzia komunikazioan aritzen da, Elhuyarren. Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariaren zuzendarietako bat da, baita zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen Uhin ultramoreak podcastaren zuzendaria ere. Erreferentziazkoa da euskarazko zientzia dibulgazioan, eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du, BERRIAn besteak beste. Dibulgatzaile «jori eta eskuzabala» dela nabarmendu du epaimahaiak.
Irribarre zabal-zabalarekin jaso du ohorezko mugarria: «Lortu duzue: urduri jarri naiz!». Eskerrak eman dizkie epaimahaikideei —«zientziak oso leku gutxi izaten du komunikabideetan, eta eskerrik asko, hain arraroak izateagatik»—, eta ingurukoei: «Beti sinistu dute nigan, eta hemen nago». Lankideentzat eta zientzia dibulgazioan aritzen diren elkarteentzat ere izan du esker ona: «Elhuyarrek zientzia munduaren eta gizartearen arteko zubi lana egiten du, eta ez da zubi bakarra. Zientzia dibulgazioan dabiltzan talde guztiek beti gonbidatu nauzue leku guztietara, eta beti izan zarete konplize desinformazioaren kontrako borrokan».
Izen ezezaguna duten ikertzaileei —emakumeei, heteroarautik kanpo daudenei, gutxietsiei— ere eskerrak eman dizkie, zientzia sistemaren B aldea eta ikuspegi kritikoa zorrozten erakusteagatik: «Txorroskilo onenak lagun feministak dira. Dikotomia faltsu guztiak deseraikitzen lagundu didazue: zientziak eta letrak, natura eta kultura, maskulinoa eta femeninoa, gorputza eta burua, aditua eta aritua».
Uzuri Albizuak hari esandakoa ere ekarri du hizpidera: «‘Zientzia boterea da. Beraz, feministok ezin dugu alde batera utzi’. Zientzia jendearen eskura jartzea da gure ardura, zientzia izan dadin jendea hobeto bizitzeko eta planeta hobea izateko tresna, eta ez boterearen arma. Horretarako egingo dugu lan, eta Euskal Herria eta euskal eta herri izan dadin, euskaraz egin behar dugu hori».
Atarian
Oholtza gainean izan dira finalista izan diren besteak ere. BERRIAren Ezer ez eta festa podcasta, esaterako, Komunikazio sarirako finalista izan da. Epaimahaiaren arabera, «azalpen linguistikoetatik harago» doan lan bat da: «Hizkuntzaz ikasiko dugu, gramatikaz, hiztegiaz, esaerez... baina politikaz eta arlo sozialaz ere ematen ditu irakasgaiak hizkuntzak». Halaber, epaimahaikideek nabarmendu dute «sakontasuna eta arintasuna» ezkontzen dituela, entzuteko «atsegina eta aberasgarria» dela. Komunikazio sarirako beste finalistak EITBko Ez hain ondo bideopodcasta eta Euskalerria Irratiaren Flop Kultura podcasta izan dira.
Kazetaritza sarirako finalistak lan hauek izan dira: June Fernandezek Argia-rako egindako Nerabeak eta sexu heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajea; Jon Artanok idatzitako Juana liburua; eta Bada gazteen hedabidea.