Tortura amaitzea da gaur egungo erronketako bat. Gertatu dena errekonozitzea, torturatuei erreparazioa ematea eta berriz ez gertatzeko neurriak hartzea. Hala esan zuen Julen Arzuaga abokatuak —Giza Eskubideen Behatokian egiten du lan—, atzo, Joxe Agirre torturen ondorioz hil zeneko 31. urteurrena betetzen zen egunean. Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua prestatzen ari da Arzuaga, Euskal Memoria fundazioarekin batera, urte bukaera aldera argitaratzeko asmoz, eta izen berarekin hitzaldia eman zuen atzo Eibarren. Halako gehiago ez gertatzeko «hainbat tribunal, hainbat lege eta hainbat polizia desagertu behar dira gure herritik», Arzuagaren hitzetan. Eta, gertatutako guztia jasotzearen garrantzia azpimarratu du: «Ezin dugu ahaztu gertatutakoa, herri duintasuna jokoan dagoelako».
Arantxa Erasun Euskal Memoriako kideak egin zuen aurkezpena, liburuaren egitasmoa azalduz. Liburuan torturak Euskal Herrian izan duen bilakaera aztertuko du Arzuagak. Torturatuen errolda bat egiteko asmoa ere badute. Erasunek esandakoaren arabera, azken 50 urteetan Euskal Herrian 10.000 lagun inguru torturatu dituztela uste dute. Torturak «arrasto sakona» utzi duela, dio, «isila izan arren, oso sakona». Gertatutakoa jaso nahi dute, erreparazioa eta errekonozimendua lortzeko, eta lan hori, herriz herri egin nahi duten, «modu kolektiboan», torturatuen beraien ahotik testigantzak jasoz.
Torturaren arrastoaren sakona Eibarren bertan argi gelditu zen atzo, leporaino betetako Portalea kultur etxeko aretoan. Erasunek eta Arzuagak hitz egin ostean ikusleek hartu zuten hitza. Torturatu bat baino gehiago zegoen. Adierazgarria izan zen, esaterako, inkomunikatuta zeukaten bitartean «gehiago ez naute umiliatuko» pentsatuta bere burua zauritu zuen gizonezkoaren testigantza. Kostatu egin zitzaion kontatzea, arrasto sakona agerian utziz.
Tortura helburu askorekin erabili izan dela azaldu zuen Arzuagak. Frankismoan tortura erabiltzen zutenean, Poliziaren helburua atxilotua zigortzea zen, zapaltzea, «irabazlearen marka» uztea. ETA sortu zenean, torturak informazioa lortzeko balio zuela jabetu ziren, eta horretarako erabiltzen ere hasi ziren. «Zigorra ematea, beldurra zabaltzea, eta garaituaren marka uztea ziren helburuak». Eta, abokatuaren esanetan, azken bi edo hiru hamarkadetan, informazioa lortzea izan da torturaren helburu nagusia. Polizia operazioak egin, atxilotuak inkomunikatu eta torturatu egin izan dituzte, Arzuagaren esanetan, bi helbururekin: atxilotu gehiago egotea, batetik, eta «justizia» deklarazio horietan oinarrituta egitea, bestetik. Azaldu zuenez, hori lortzeaz gain, «militanteen inguruan beldurra zabaltzea» ere izan da xede.
Eibarren hainbat kasu
Torturaren bilakaera bera oso argi bistaratzen duten hainbat kasu daude Eibarren. 1934ko testigantza bat dauka Arzuagak, langileen borroketan atxilotutako Eulogio Etxeberriarena. Eldarnioak izan zituen, tortura fisikoez gain. 1961ean, ETA sortu eta gero, hainbat apaiz eta herritar atxilotu eta torturatu zituzten. Felix Arrietaren kasua ekarri du gogora, esate baterako. Trantsizioan kokatzen diren hainbat kasu zehatz ere badituzte; 1976koa bat. Eta, «demokraziako aurreneko tortura kasua» Mitxel Sarasketarena izan zen, Eibarren. Gero izan dira kasu gehiago, Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren eskutik ere. «Eibarren ez da bost urteko tarterik egon inor torturatu gabe, ia atzora arte».
Izan ere, ia-ia ez da torturarik gabeko urterik izan Euskal Herrian. 1977an ez zen kasurik izan, egoera berezia zen, trantsizio betean ziren eta konstituzioa osatzen ari ziren. 1978an hasi ziren, ordea, berriz; eta ondo bidean, orduz geroztik aurrenekoz, aurtengo apirilaren 14an urtebete beteko da, torturarik gabe.
Donostiako Udal Gobernuak, berriz, torturaren existentzia salatu zuen atzo ohar baten bidez, eta torturak jaso dituzten donostiarrei elkartasuna adierazi zien. «Donostian 500 pertsonak tortura sufritu izana ez da alboratu daitekeen datua», erantsi du.
Berriz ez gertatzea erronka
Euskal Memoria Fundazioaren arabera, 10.000 lagunek jasan dituzte torturak Euskal Herrian, azken 50 urteetanOndo bidean, apirilaren 19an urtebete beteko da tortura salaketarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu