politika

Berrizko PSEko zinegotziari ez zaio damutu Espainiako monarkiari "hiltzailea eta frankista" deitu izana

Koldo Mendez atzo Bilbon atxilotu egin zuten Felipe Borboikoa iraintzeagatik, eta gaur aske utzi dute. "Erregea Francoren krimenen oinordekoa da". PSEk "neurriak" iragarri ditu haren kontra, "ez baita jarrera demokratikoa".

2010eko maiatzaren 26a
17:32
Entzun
Koldo Mendez Gallego Berrizko PSE-EEko zinegotziak adierazi du ez zaiola damutu "[Espainiako] monarkia hiltzailea" oihu egin izana, nahiz eta atzo Bilbon Felipe Borboikoa iraintzeagatik atxilotu egin zuen Ertzaintzak. Gaur aske utzi dute. Mendezek berak Efe berri agentziari azaldu dionez, "gora euskal errepublika" esateaz gain, "monarkia frankista" eta "monarkia hiltzailea" oihu egin zuen. "Izan ere, [Espainiako] erregea Francoren oinordekoa bada, honen krimenen oinordekoa da, eta erregea Francok jarri zuen". Espainiako errege etxearen aurkako irainak eta ertzainen aurrean identifikatu nahi ez izatea egotzi diote.

Protesta hori egiteko adierazpen askatasuna erabili zuela dio PSEko zinegotziak, eta galdetu du ea "hemen 'gora erregea' soilik" oihu egin al daitekeen.

Ekimena "pertsonalki" egin zuela azpimarratu du, oihu horiek ez dutela loturarik bere militantzia politikoarekin eta sindikalarekin -EAEko Langile eta Profesional Autonomoen Batasuneko idazkari nagusia da, halaber-.

Novia Salcedo Fundazioak Zelai Eliseoko antzokian antolatutako gazteen lan integrazioko sari banaketa hasi aurretik atzeman zuten Mendez, eta honek gaur jakinarazi du ertzain batzuek atxiloketaren unean "eraso" egin ziotela. Horregatik, zenbait ertzainen aurkako salaketa sartuko du. "Ertzain batzuek kriminal bat baino okerrago tratatu ninduten". Gaua erietxe batean pasatu behar izan du; uhalarekin darama besoa eta belaunak zaurituak dauzka.

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak gogor kritikatu ditu zinegotziaren irainak, eta argitu du alderdiak haren portaera ez duela babesten, "egindakoa ez baita jarrera demokratikoa izatea". Azalpenak eskatuko dizkiotela eta "hartu beharreko neurriak" hartuko dituztela esan du Pastorrek.

Mendezek adierazi du PSEn azalpenak "gustura" emango dituela, baina oraindik ez diotela deitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.