Berriztagarrien LPSari «herri alegazioa» aurkeztu dio EH Bizirik plataformak

Erakunde ekologistak salatu du planean jasota dagoela «dozenaka zentral eoliko eta eguzki parke ezartzea». ELAk ere helegitea jarri du

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzak jendaurrean ikusgai jarritako Energia Berriztagarrien LPS Lurralde Plan Sektoriala «ezeztatzeko» eskatu du Euskal Herria Bizirik plataformak, «herri alegazio» baten bidez. Erakunde ekologista horren arabera, plan horretan jasota dago «eskala handiko dozenaka zentral eoliko eta parke fotovoltaiko ezartzea» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori geldiarazi nahi dute, alegazioak aurkeztuta.

Zehazki, bost puntu ditu EH Bizirik-ek ondutako alegazioak. Lehenak «ingurumen adierazleei» egiten die erreferentzia: plataformaren arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «lurralde oso urbanizatua» osatzen dute, «metropolizazio eta kolmatazio prozesu gero eta handiagoen» ondorioz. «Hortaz, LPSan jasotako zentral eoliko eta eguzki instalazioek berekin ekarriko dute hainbat ingurumen adierazlek okerrera egitea».

Bigarren puntuan, talde ekologistak adierazi du plan sektorial hori «bateraezina» dela landa eremuaren eta elikadura subiranotasunaren defentsarekin: «Plana garatzeak eragingo duen laborantza lurren galera garrantzi bereziko gaia da». Energia berriztagarrien LPSak, bestalde, naturaguneak eta basa espezieak arriskuan jarriko dituela gaineratu du EH Bizirik-ek: «Talka egiten du Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari Buruzko 9/2021 Legearekin eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko planekin eta biodibertsitatea eta korridore ekologikoak babesteari buruzko foru aginduekin». Ekologisten arabera, planean jasota dagoen Ingurumen Azterlan Estrategikoak berak ere «larritzat» jotzen du instalazio eolikoen eragina, «fauna basatiaren —hegazti harraparien eta saguzarren— hilkortasun tasa zuzenagatik».

Kontsumo eredua ere ezbaian jarri du EH Bizirik-ek. Energia kontsumoa murrizteko eta «tokiko autokontsumorako berriztagarrien ekoizpen deszentralizatua sustatzeko» tenorean, «LPSa baino neurri eraginkorragoak eta zentzuzkoagoak» daudela diote: «Energia aurreztea jarduera ildo ukaezina da Euskadin, eta energia berriztagarrien hedapena eskala lokaleko ekintzetara bideratutako eredu baten bidez egin behar da, hau da, eskala handiko instalazio eoliko eta fotovoltaikoen guztiz kontrako eredu baten bidez».

EH Bizirik-en alegazioa plan sektorialaren prozedurari dagokio. Ekologisten esanetan, plana «udal autonomiaren aurkako eraso bat» da: «Eusko Jaurlaritzak zuzenean onartu ahal izango ditu zentral eolikoen eta poligono fotovoltaikoen egitasmoak, premiazko prozedura erabiliz; hots, Tapia legea baliatuz».

ELA: «Onartezina da»

ELA sindikatuak ere alegazioak aurkeztu dizkio LPSari, horren helburua «instalazio gehiago eraikitzea» delakoan, eta, hala, «errentagarritasun ekonomikoa lehenestea». Salatu du eredu hori ez dela iraunkorra, eta ez duela planteatzen energia fosilen ekoizpena apaltzea. «Enpresak ari dira plana ontzen, eta beren interesei soilik erantzuten diete», salatu du ohar batean. Eredu «alternatibo» bati begira, energia kontsumoa txikitzera deitu du: «Gure eskaria ezingo baita berriztagarrien bidez ase».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.