'EGUNKARIA AUZIA'

Bertsolariek 'Egunkaria libre!' aldarrikatu dute

Besteak beste, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Mikel Mendizabal bertsolariek parte hartu dute Donostiako elkarretaratzean. Pasa den ostiralean politikariak bildu ziren Gasteizen epaiketaren aurka. Euskal zinemako hainbat lagunek eta kirolariek ere egin dituzte elkarretaratzeak.

2009ko urriaren 17a
21:38
Entzun
Xebaxtian Lizaso, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Mikel Mendizabal, Arkaitz Estiballes, Igor Elortza, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita izan dira gaur, besteak beste, Donostian, Egunkaria-ren epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko bertsolariek Bulebarrean egin den elkarretaratzean. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria han izan da, baita Joxerra Gartzia eta Joan Mari Irigoien idazleak ere. Elhuyar Fundaziotik Itziar Noguerak ere aldarriarekin bat egin du.

Egunkaria auziko sumario nagusiko auzipetuak ere izan dira,Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai eta Martxelo Otamendi, esaterako. Auzi ekonomikoan auzipetutako Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors eta Ainhoa Albisu ere han izan dira.

Egunkaria libre! lelopean egin dute bilkura, Bulebarrean, 12:00etatik aurrera. Donostia Kantuz abesbatzak eta Donostiako Txistulari Bandak ekitaldian parte hartu dute Egunkariaren Alde Elkarteak deitutako ekimenean. Pasa den ostiralean, politikariak Gasteizen elkartu ziren epaiketaren aurka egiteko eta duela hiru aste, berriz, euskal zinemako hainbat lagun elkartu ziren, Donostian. Kirolariek ere aldarrikatu zuten Egunkaria libre!, haiek ere Donostian.

Bost auzipetuak

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa azaroan hasiko da -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu... Lehengo igandean, esaterako, Donostian izan ziren, Kilometroetan, bonoak eta Egunkaria libre! elastikoak saltzen.

=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.