Bertsotarako arbel digitala izena eman dioten atalak baliabide andana eskaintzen dio bertsotan ikasi edo hobetu nahi lukeen edonori. Manex Agirrezabal IXA taldeko kideak adierazi duenez, "ikasleak izango dira, batez ere, erabiltzaile profila, baina ez diogu aterik ixten Andoni Egaña berberari ere". Izan ere, errima eta sinonimo bilatzailea, metrika zuzentzailea eta beste hainbat lanabes eskaintzen dira bertan.
Euskal Herriko bertsolaritzaren mapa ere egin dute Bertso-eskolak.com-en, Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentrotik jaso duten informazioarekin. Besteak beste, Euskal Herriko herri guztietan antolatzen diren bertso saioen, dauden bertso eskolen eta abarren inguruko informazioa eskura daiteke.
Agirrezabalek informatika ikasi du Euskal Herriko Unibertsitatean, eta haren karrera amaierako lana da proiektuaren oinarria.