Etxerat-ek adierazi duenez, Frantziako espetxeetan dauden Igor Suberbiola, Ibon Goieaskoetxea eta Asier Bengoa preso politikoak gerturatu dituzte. Lehen biak Arlestik Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxera lekualdatu dituzte. Asier Bengoa, berriz, Clairvauxtik Lannemezanera (Okzitania) eraman dute. Mont-de-Marsango kartzela Euskal Herritik 160 kilometrotara dago; Lannemezangoa, berriz, 230 kilometrotara.
Joan den astean, bertze bi preso gerturatu zituen Frantziak, eta, denera, hemeretzi dira otsailetik Euskal Herrira gerturatu dituzten presoak. Mont-de-Marsanera hamahiru hurbildu dituzte: Zigor Garro, Julen Mendizabal (aske da), Josu Urbieta, Raul Aduna, Jon Salaberria (aske da), Ekaitz Sirvent, Asier Borrero, Luis Iruretagoiena, Asier Ezeiza, Jurdan Martitegi, Aitzol Etxaburu, Igor Suberbiola eta Ibon Goieaskoetxea. Lannemezanera sei preso gerturatu dituzte: Jon Gurutze Maiza, Alberto Ilundain, Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Asier Oiartzabal eta Asier Bengoa.