Beskoitzeko beste bi hautetsik dimisioa eman dute

Ikastolako gurasoek bilkura bat eginen dute herriko etxearekin, hainbat hilabeteren ondotik lehen aldiz.

Beskoitzeko herriko kontseiluaren argazkia, moldatua. BERRIA
Beskoitzeko herriko kontseiluaren argazkia, moldatua. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 13a
10:53
Entzun

Argazkitik ezabatu dituzte. Beskoitzeko (Lapurdi) herriko etxearen webgunean hiru pertsona gutxiago ageri dira hautetsiak aurkezteko talde argazkian. Anne Marie Jocou, Hegoa Larre eta Cedric Destribats zeuden lekuan hutsune beltz bat ageri da orain. Izan ere, dimisioa aurkeztu dute hirurek azken asteetan, Fabienne Aiensa auzapeza buru duen taldeak herriko ikastolarekin hartu duen jarrerarekin desados. Ikastolarekin zuten hitzarmena bertan behera uztearen kontra bozkatu zuten lau hautetsietatik hiru dira. Egoera ez da konpondu oraindik, eta astearte honetan lehen aldiz bilduko dira gurasoak eta herriko etxea. 

Abenduaren 18ko herriko kontseiluan, orain arte eskura izan dituzten lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuten Beskoitzeko ikastola. Hamalau hautetsik babestu zuten erabakia; lauk kontra bozkatu zuten. Anne Marie Jocou hautetsiak dimisioa aurkeztu zuen arrapaladan. «Etsiturik» mintzatu zen bere kide ohien «egiteko manerekin», eta salatu zuen ez zirela betetzen ari «herritarren aitzinean hartutako engaiamenduak». Aste batzuetara, bide beretik jo dute Larrek eta Destribatsek. Cyril Fesquinne ikastolako lehendakariordearen hitzetan, haiek hartu duten erabakia ere «erabat» lotua da ikastolaren auziarekin.

Beskoitzeko herriko kontseiluaren argazkia, moldatua. BERRIA
Beskoitzeko herriko kontseiluaren jatorrizko argazkia eta ondoren moldatu dutena. BERRIA

Urtarril hasieran, auzapezaren urte hasierako agiantzak baliatu zituzten ikastolako gurasoek egoera salatzeko. Uztailaren 6rako ikastolak okupatzen duen lekua hustu beharko dutela dioen agiri ofiziala eskuratu berria zuten. Ez zuten Aiensarekin mintzatzea lortu, baina herriko bi hautetsi bertaratu zitzaizkien elkarrizketarako borondatea dutela erratera. Topaketa horren ondorioa da herriko etxearekin izanen duten bilkura: Fesquinnekin batera, ikastolako beste bi gurasok parte hartuko dute, eta Patrick Elizagoien lehen axuanta eta beste bi hautetsi izanen dituzte parean. 

Ikastolako lehendakariordeak azpimarratu du badela urte bat baino gehiago Seaska herriko etxeari bilkura bat egiteko eskatzen ari zaiola. Hiru helburu finkatu ditu: heldu den irailerako ikasturtea hasi ahalko dutela segurtatzea, haurrek kantinan jateko eskubidea izanen dutela segurtatzea, eta herriko etxeko hautetsiak haiekin lan egiteko prest direla baieztatzea. Proiektu «egonkor» bat eta haren araberako egutegi bat landu nahiko lituzketela erran du. Azken hilabeteetan, gurasoek eta Seaskak behin baino gehiagotan salatu dute herriko etxeak haien proposamenei entzungor egin diela. Ikusteko dago hemendik aitzina zer bilakaera izanen duen auziak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.