Ikastolak

Beskoitzeko ikastola lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi du Herriko Etxeak

Beste hitzarmenik lortu ezean, sei hilabetera legez kanpokoa izango da ikastolak gaurko lekuan segitzea. Fabienne Ayensa auzapezak asumitu du erabakia. Hautetsi batek dimititu egin du.

(ID_13438679) (Guillaume Fauveau) Herriko kontseilua, Beskoitze, 2023ko abenduaren 18an. Beskoitzeko ikastola
Fabienne Ayensa eta haren axuantak, herriko kontseiluko gelan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2023ko abenduaren 18a
21:53
Entzun

Ekaina arteko epea dute. Gero, legez kanpokoak izanen dira. Beskoitzeko herriko etxeak ikastolarekin zuen hitzarmena bertan behera uztea erabaki du. Beste hitzarmenik lortu ezean, sei hilabeteren buruan ez dute gehiago herriko lurrak erabiltzeko baimenik izanen. Hamalau hautetsik bozkatu dute Fabienne Ayensa auzapezak proposatutako deliberoaren alde; lauk kontra. Arrapaladan, dimisioa aurkeztu du Anne Marie Jocou hautetsiak. «Ez ditugu herriaren aitzinean hartutako engaiamenduak bete, ez dut gehiago egiteko manera hau onartzen ahal», erran du hunkitua. «Herritarrei gezurra erran diogu, gehiegi da niretzat. Herriarentzat lan egiteko engaiatu nintzen. Etsitua naiz».

Herriko etxe aitzinean bildu dira gurasoak, zurbil, haserre, harriturik. «Ikastola ehorztea erabaki dute», salatu du Julen Jauregik. «Duela hilabete bat bitartekaritza bat eskatu genuelarik erantzun zuten alde zirela. Gaur deliberatu dute gure ikastola hil nahi dutela, ez da beste hitzik». Lur kontratua bertan behera utzita, uztailean ikastola itxi beharko dutela erran du.  «Afrusa da», mindu da Cyril Fesquinne, «haurrak dira ikastolan». Haserre mintzatu da Clemence Labrouche: «Hartu duten erabakiarekin hautatu dute 50 haur kanporatzea. Eskola bat itxi dute. Non ikusten da halakorik?». Fesquinne: «Zerbait atzeman beharko dugu, eta laster. Epea eman digute: sei hilabete ditugu zerbait atzemateko»

Pilota ikastolari

Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Eraikin prefabrikatuetan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Azken urteetan gorabehera bat baino gehiago izan dituzte, Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak ikasle kopurua mugatu nahi duelako. Hala, urtarrilean, hiru urteko haur bati ukatu egin zioten bere ikaskideekin jatea eskola guztiek erabiltzen duten herriko jantegian.

Baina ikastola egonkortzeko Seaskak egin gogo duen eraikinarekin sortu da gatazka handiena. Eraikitzeko baimena galdegin du Seaskak, baina baldintza teknikoak aipatzen dituzte etengabe ezezkoa emateko; baldintza «arbitrarioak». herriko etxeak eskatzen diena beteko balute, gaur egun duten eremu txikian sartu beharko lituzkete ikasgela, jantokia, kanpoko eremua eta aparkalekua. Ezinezkoa dela errepikatu dute behin baino gehiagotan. Haurren duintasuna aldarrikatuta, bosgarren prefabrikatu bat gehitu dute ikastolak erabiltzen duen eremuan, ikasleek nahikoa espazio izan dezaten. 

Hori da hain zuzen herriko etxeak hitzarmena bertan behera uzteko erabili duen argudioa. Ikastolari egotzi dio ardura guzia Ayensa auzapezak, eta erran eraikuntza baimen desegokia aurkeztu dutela: «nahi badute baimen eskaerari eman diogun ezezkoa errekurritu dezakete», baieztatu du. «Segurtasun arazoak» aipatu ditu beste hautetsi batek: ikastola inguruan «zirkulazio handia» dela, eta «arriskutsua» dela haurrentzat. Auzoentzat «desegokia» dela ere erran du. «Inork ez du nahi sei metroko eraiki bat bere etxe aitzinean», gaineratu du Ayensak. Baina denek azpimarratu dute ez dutela arazorik ikastolarekin eta euskararekin. 

Elkarrizketa ezinezkoa

Badu bi urte Beskoitzeko ikastolako gurasoak herriko etxearekin adostasunetara iritsi nahian ari direla, alferrik. Pirinio Atlantikoetako prefetari bitartekaritza lanak egiteko eskatu zioten urrian, eta hau prest agertu zen «elkarrizketa bideratzeko», lehentasuna «haurren interesa» zela azpimarratuta. Baina prentsaren aitzinean egindako adierazpenez harago, bilkura bat antolatzeari uko egin ziola deituratu zuen Seaskak orain dela aste batzuk. Herriko etxearekin zuten blokeoa manifestazio nazionala egin zuten azaroaren 18an: 2.500 pertsonak agertu zieten babesa ikastolako gurasoei. 

Azaro bukaeran eman zuen berri ona Seaskak, 2024ko Herri Urratsen aurkezpenean: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria prest zen bitartekaritza lanak egiteko, Patrick Elizagoien auzapezordeak ontzat emana zuen. Baina azken asteetan ez da bilkurarik antolatu. 

Hautetsi batek baino gehiagok deitoratu du elkarrizketa onartu ondotik halako erabakia hartzea. «Baionako auzapezaren bitartekaritzak ez du ezer eman», trenkatu du Ayensak. Azken hilabeteetan kargutik aparte egon da, osasun arazoengatik: «geldialditik atera naiz, erabaki hau asumitzeko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.