Ikastolak

Beskoitzeko ikastolak 15 egun eman dizkio herriko etxeari «erantzun politiko» bat emateko

Ikastola eraikitzeko proiektuari herriko etxeak behin eta berriz oztopoak jarri dizkiela salatu dute. Seaskak iragarri du eraikuntza egiteko erantzunik ez badute «mobilizazio fase batera» pasatuko direla.

Beskoitzeko ikastolako gurasoen agerraldia, goizean. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 4a
12:53
Entzun

Beskoitze: Ikastola baten garapena blokeatzen duen herri bakarra zioen pankarta baten gibelean, agerraldia egin dute goizean Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako burasoek Seaskako kideekin batean. Salatu dute Fabienne Aiensa herriko auzapezak eta haren talde politikoak ikastola eraikitzeko «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela. Izan ere, duela hamar urte sortu zenetik, ikastola eraikin prefabrikatu batean da. Iaztik, ttipi gelditu dira prefabrikatu horiek 50 ikasle baino gehiago direlako. Horregatik, eraikuntza baimen bat pausatu zuen Seaskak, eta hainbat gorabehera izan dituzte geroztik herriko etxearekin, baiezkoa eman ondoan gibelera egin dutelako berriz. Hala, «erabaki teknikoa» bainoago, «erabaki politikoa» dela erran du Seaskak, eta hamabost eguneko epea eman diote herriko etxeari aterabide bat emateko. Bestela, «mobilizazio fase batera» iraganen direla erran dute.

«54 urteren ondoren, Seaskak esperientzia luzea du eraikuntza baimenetan. Lehen aldia da herri batek uko egiten diola Seaskako kideekin eta arkitektoarekin biltzeari. Ohartarazi nahi dugu Beskoitzen euskararen eta ikastolaren kontrako neurriak nahita hartzen dituen herri baten aitzinean garela», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Erran du, orain, Seaska «prest» dela eraikuntza proiektu berri bat pausatzeko, eta Herriko Etxeari dagokiola «baimena ematea bere lurretan eraikitzeko». Bilkura bat galdegin diote herriko etxeari, eta erran dute ez dutela «amore emanen». Jorajuria: «Euskarak ezin du gibelera egin aitzina egin dezakeen tokian». Halaber, hautetsiei «laguntza» eskatu diete Beskoitzeko herriko etxea «arrazoibidera ekartzeko». Horien arabera, «Euskal Herriko hizkuntza politika da Beskoitzen jokatzen dena».

Burasoak kezkaz mintzatu dira. Lucie Paraxu Beskoitzeko ikastolako hiru haurren ama da. Adierazi du egoera horrek ezin duela segitu, prefabrikatuetan gelditzea «arriskutsua» bilakatzen ari baita, ikasle kopuru handiagatik. «Gainera, neguan biziki hotz da, eta udan, biziki bero. Gure haurrentzat hoberena nahi dugu, ez dugu beste munduko gauzarik eskatzen; gure haurrek baldintza onetan ikastea nahi dugu».

Beskoitzeko auzapezarekin mintzatu nahian, axuant den Fabienne Etxegarairekin mintzatu da BERRIA: «Ez naiz [Seaskaren] agerraldi horren jakinean, eta ez dut ulertzen zer nahi duten. Jadanik bilduak gara haiekin herriko kontseilu batean, eta orain ez dakit zer nahi duten gehiago». Halere, erran du ez dela bera afera horretaz arduratzen den axuanta. Seaskakoek zehaztu dute aipatzen duen herriko kontseilu hori iazko urrian izan zela; orduan, eraikitze baimenaren aldeko jarrera agertzen zuen herriko etxeak, eta, gero, gibelera egin zuten berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.