Urtebetez ezezkoak jaso ondoren, azkenean lortu dute Beskoitzeko ikastolako gurasoek herriko etxeko ordezkariekin biltzea. Bileran ez da azaldu Fabienne Aiensa auzapeza, baina bai Patrick Elizagoien eta Maryannick Doyhenard axuantak, eta Sebastien Lasseguette hautetsia.
Gurasoek agiri baten bitartez azaldu dutenez, bileraren ondoren ezin dute ziurtatu uztailaren 6tik haratago Beskoitzeko ikastola ez dutenetz kanporatuko orain betetzen duen eremutik. Hori bai, hautetsiek arazoari irtenbidea bilatzeko «borondatea» adierazi diete, eta horrekin «kontatzen» dute, «azkar eta konkretuki».
Iragan abenduan erabaki zuen Beskoitzeko Herriko Etxeak ikastolari gaur egungo lurren erabilera ukatzea. Baldintza teknikoak argudiatu zituen Aiensa auzapezak, gaur egun duten eremu txikian sartu beharko lituzketelako ikasgela, jantokia, kanpoko eremua eta aparkalekua. 2013an sortu zenetik, Beskoitzeko Udalari alokatutako eremu batean dago ikastola, eraikin prefabrikatuetan. Orduan, lau ikasle zituen, eta 51 ditu ikasturte honetan.
Gurasoek azaldu dutenez, bileran eskatu diete gaurko tokian bertan gelditzeko eta epe luzerako aterabide bat bilatzeko lantalde bat sortzeko, baina ez dute halakorik lortu. Gainera, bermeak nahi dituzte ikastolara joaten diren haur guziek Beskoitzeko eskolako kantina baliatzen ahal izango dutela. Hautetsiek erantzun diete 2024ko ikasturtearen hasierarako konponbidea bilatu nahi dutela eta herriko kontseiluko beste kideak kontsultatuko dituztela hurrengo egunetan.
Â