Beskoitzeko ikastolaren inguruan «nahitara nahasmendua» sortzea leporatu dio Konfederazioak prefetari

Hautetsien kontrako «intimidazioa» salatu du prefetak, Beskoitzeko herriko etxearen aitzinean euskararen heriotza irudikatzen zuen zurezko hilkutxa bategatik.

(ID_13438676) (Guillaume Fauveau) Herriko kontseilua, Beskoitze, 2023ko abenduaren 18an. Beskoitzeko ikastola
Fabienne Aientza, Beskoitzeko auzapeza. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 14a
10:13
Entzun

Euskal Konfederazioak «nahitara nahasmendua» sortzea leporatu dio Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta adierazi du ikastolaren auzian Beskoitzeko Herriko Etxearen (Lapurdi) jarrera babestea erabaki duela. Asteburuan hilkutxa bat agertu zen herriko etxearen aitzinean, «Euskara - 2040» idazkia zekarrela, eta hori salatzeko agiria zabaldu zuten asteazkenean prefetak eta Alain Sanz auzapezen departamenduko elkarteko lehendakariak. «Fermuki kondenatu» dute «errepublikako hautetsi batzuen larderiatzeko ekintza hori».

Jarrera hori «onartezina» zaie euskalgintzako eragileei. Ohartarazi dute ez dela lehen aldia halako ekintzak gertatzen direla, eta adierazi dute gisa horretako hilkutxek «gaur egun arlo ezberdinetan Frantziako Estatuak eta tokiko erakundeek daramaten politikaren ondorio lazgarriak» bistarazten dituztela, berrikitan laborariek eta lehenago sindikatuek egin izan duten gisan. «Hizkuntza politikari dagokionez, gaur egungo politika linguizidek euskara hilobirako bidean ezartzen dutela begien aitzinean agerrarazi du ekintza horrek», Konfederazioaren hitzetan.

Hala, prefeturak egin duen irakurketa gaitzetsi dute. «Nahasmendua sortzea erabaki du, eta hautetsiak intimidatzeko ekintza bat zela adierazi du Frantziako hedabideetara zabaldu duen agiri batean». Konfederazioak azpimarratu du badirela hilabeteak Beskoitzeko ikastolak, Seaskak, euskalgintzak eta gizarteak oro har botere publikoei afera honetan esku har dezatela galdegiten dietela. «Frantziako Estatuak, kontratupean duen ikastola defenditu ordez, hiru hilabeteren buruan arrazoirik gabe eskolarik gabe geldituko diren haurren eskubideak defendatu ordez, Beskoitzeko Herriko Etxearen jarrera babestea erabaki du».

Euskalgintzaren iritziz, prefetak «nahitarako nahasmendua» sortu du gertakizun honen bidez, ikastolaren kontra egiteko, «nahitarako loturak eginez». Argi mintzatu zaizkio Frantziako Estatuko ordezkariari: «Prefeta jauna, ez dira hautetsiak mehatxupean Euskal Herrian, euskara da mehatxupean, ikastola da mehatxupean, burasoak eta familiak dira mehatxupean». Hala, «elkartasun osoa» adierazi diete euskaraz ikasteko erabakia hartu duten Beskoitzeko ikastolako familiei, eta instituzioei ere dei egin diete: «Frantziako Estatuari, herriko etxeari eta tokiko erakundeei, Euskararen Erakunde Publikoari dei egin nahi diegu, euskararen biziraupena segurtatzeko neurriak oraindanik har ditzaten, euskararen biziberritzea helburu izanen duen egiazko hizkuntza politika baten martxan ezartzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.