Beste 27 kasu baieztatu ditu Jaurlaritzak

Tolosan sei kasu atzeman dituzte, Ordiziako agerraldiarekin lotutakoak. Denera, 75 dira foku harekin zerikusia dutenak. Getarian, azken egunetan lau kasu baieztatu ostean, bihar hasiko dira PCR probak egiten.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 14a
10:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, beste 27 positibo  baieztatu dituzte. Horietako hamalau Gipuzkoan izan dira: sei Tolosan, bi Andoainen eta Getarian, eta bana Aizarnazabalen, Elgoibarren, Hernanin eta Irunen. Bizkaian, aldiz, 11 kasu atzeman dituzte (bost Bilbon), eta Araban bi.

Osakidetzak azaldu duenez, Tolosan atzemandako kasuak Ordiziako agerraldiarekin lotutako «bigarren mailako kutsatzeak» dira, eta denera, 75 dira foku harekin lotutakoak. Positibo horien kontaktuak ikertzen ari dira, «adarkatze berriak gertatuko balira ere». Gaineratu dute agerraldi honen sorburua ez dela ostalaritza.

Getariako Udalak (Gipuzkoa), berriz, bi kasu positiboren berri eman zuen atzo, baina, Haritz Alberdi Getariako alkateak BERRIAri jakinarazi dionez, beste bi kasuren berri ere izan dute. Beraz, lau kasu atzeman dituzte, gaur-gaurkoz, herri horretan. Hala ere, Udalak adierazi du kasu horien berri ez dutela izan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren bidez, eta eskari bat egin diote: «Eskatzen dugu, mesedez, zuzenean emateko Getarian izan daitezkeen positibo kasuen berri, eta jakitera emateko zer neurri hartuko diren herritarren osasuna bermatzeko». Hain zuzen, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur eguerdian agerraldia egingo du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken datuen berri emateko, eta baliteke zerbait esatea Getariako kasuaren inguruan.

Bien bitartean, martxan jartzeko erabakia hartu zuen udalak atzo bertan, eta herriko osasun etxearekin eta Osasun Sailarekin harremanetan jarri zen, eta, dirudienez, protokoloa martxan jarri zuten. Besteak beste, agerraldi posiblearen hasiera identifikatzea da helburuetako bat, eta positibo eman duten pertsonekin zuzeneko harremana izan dutenei PCR probak egitea osasun etxean. Hala ere, «lasaitasun» mezua helarazi die herritarrei, eta eskatu diete babes neurriak hartzeko.

Kasu horiek Kale Nagusiko Politena tabernarekin lotura izan dezaketelakoan, uztailaren 9tik 12ra bitartean han egon zirenekin harremanetan jarri nahi dute. Hala, bakoitzaren herriko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete Urola Kostako herritarrei, eta 900-20 30 50 telefonora deitzeko gainerakoei. Horiei PCR proba egiteko ordu bat emango diete. Bihar hasiko dira lan horiekin, udal kiroldegian: 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara.

Azpeitian, kezkatuta

Azpeitian (Gipuzkoa) ez dago COVID-19aren positibo kasurik oraingoz, baina udalak adierazi du «kezkatuta» daudela asteburuetan gertatzen ari diren jende pilaketekin. «Joan den astebururako hainbat neurri adostu genituen tabernariekin; besteak beste, tabernako edukiera zorrotz kontrolatu da. Hala ere, ez da nahikoa izan, eta pilaketak sortu dira». Beraz, ohartarazi du «egoera aztertuko duela eta neurri berriak hartuko dituztela» aste honetan. Erantsi du ezin dela ahaztu osasun larrialdia oraindik hor dagoela eta guztien ardura dela prebentzio neurriak hartzea. «Erabili maskara, mantendu distantzia, saihestu jende pilaketak eta eskuak sarri garbitu. Guztion osasuna dago jokoan, egizu zugatik eta egizu herritar guztion osasunagatik».

Bi haur, kanpaleku batean

Saldueroko (Gaztela eta Leon, Espainia) agerraldian atzemandako hamabi kasuen artean Hego Euskal Herriko bi haur daude —beste batek negatibo eman du PCR proban—. Igandean baieztatu zuten lehen kasua, herri hartako haurrentzako kanpaleku batean. Gauzak hala, COVID-19a dutela baieztatutako kasuetatik hamar 7 eta 12 urte arteko haurrak dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.