Beste agerraldi bat ikertzen ari dira Basurtuko ospitalean

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, hamar pertsona kutsatu dira koronabirusarekin Bilboko erietxean: zortzi paziente eta bi osasun langile. Txagorritxuko agerraldian, beste pertsona batek hartu du birusa: lau lagun kutsatu dira guztira.

Basurtuko ospitalea, martxoko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 8a
13:02
Entzun

Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan izandako koronabirus agerraldiak ikertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Atzo jakinarazi zuten Gasteizko Txagorritxu erietxean hiru pertsonak hartu dutela birusa, eta, azalpenak emateko agerraldian, laugarren kutsatu bat ere badela zehaztu du gaur Nekane Murga sailburuak. Baina beste agerraldi handiago baten berri ere eman du: Basurtuko ospitalean (Bilbo) hamar pertsonak hartu dute COVID-19a: zortzi pazientek eta bi osasun langilek.

Ospitaleratuta zeuden pazienteetan hasi da kutsatze katea: Txagorritxun bat atzeman dute, eta Basurtun, bi. Murgak azaldu duenez, eriak bakartu egin dituzte, eta langileen zein bisiten artean izandako kontaktuak identifikatu dituzte. Horien artean, 81 PCR proba egin dituzte Txagorritxun, eta hiru positibo izan dira: erizain bat, beste paziente bat eta bigarren eriari bisitan joandako pertsona bat. Sukarra izan duten pazienteei ere proba egin diete, baina negatibo eman dute. 23 pertsona bakartu dituzte. Basurtun ere 90 proba baino gehiago egin dizkiete kutsatutako bi pazienteekin harremanetan egon direnei, eta beste zortzi positibo detektatu dituzte; guztira, zortzi erik eta bi langilek hartu dute birusa. Gaixoak COVID-19a dutenentzako zonara lekualdatu dituzte. 

Pazienteak nola kutsatu diren argitzen saiatzen ari da orain Osakidetza. Izan ere, aurrez negatibo eman zuten hirurek; Murgak gogora ekarri duenez, ospitaleratzeko unean PCR proba egiten zaie eri guztiei, baita ebakuntza bat egin baino lehen ere: halako 4.000 azterketa baino gehiago egin dituzte maiatz erdialdetik erietxeetako jardunari berrekin ziotenetik. «Hala ere, badakigu infektatutako pertsona batek negatibo eman dezakeela denbora tarte batez eta gerora gaitza gara dezakeela, eta beste pertsona batzuk kutsatu». Beste bi bidetatik ere kutsa zitezkeela erantsi du: «Osasun langileen bidez edo bisiten bidez. Ikertzen ari gara».

Beste ospitaleren batean antzeko agerraldirik ote dagoen galdetuta, ezetz erantzun du sailburuak: «Baliteke erietxe batzuetan pazienteak bakartzen aritzea, baina ez dugu agerralditzat hartzen emaitzak dauzkagun arte; halakoren baten berri dugunean, informatu egingo dugu». Dena den, onartu du ospitaleak «haztegi» izan daitezkeela: «Jarduera guztiak berriro martxan jartzen ari gara, eta kontziente gara tartean badirela immunoeskasia duten pertsona ugari, askotariko zaintzak behar dituztenak. Ez dago arriskurik gabeko egoerarik, baina gure protokoloek hesiak jarri behar dituzte». Ildo horretan, gogora ekarri du erietxeak ez daudela isolatuta, pazienteek bisitak jaso ditzaketelako; oro har, pertsona bakarra joaten zaie; ahal dela, beti bera. «Bisitetako segurtasun neurriak handitzea aztertzen ari gara, baina kontuan izan behar dugu pazienteen eskubidea dela bisitak jasotzea, are gehiago halako uneetan».

«Adi jarraitu»

Sailburuak nabarmendu du osasun sistemaren egitekoa dela COVID-19 kasuak ahalik eta azkarren detektatzea. Datu orokorrei begira, ohartarazi du pandemia «egonkor» dagoela, baina ez dela amaitu: «Koronabirusa gure gizartean dago oraindik, eta guk adi jarraitu behar dugu. Konfinamendua arintzeko baldintzak betetzen ditu Euskadik: gaur hirugarren fasean sartu gara, mugitzeko eta harremanak izateko aukera dugu, baina segurtasun distantzia mantendu behar dugu, eta, ezin bada, maskara erabili».

Azken orduetako datuen arabera, beste zortzi lagun kutsatu dira: zazpi Bizkaian eta bat Araban. Gainera, beste pertsona bat hil da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.