Beste bederatzi lagun hil dira COVID-19aren eraginez

Hego Euskal Herrian atzemandako positiboen kopurua aurreko egunetakoa baino apalagoa da. 116 izan dira; horietatik 27, PCR probaren bidez.

Galdakaoko ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatea, maiatzaren 5ean. ANDONI LUBAKI / FOKU
2020ko maiatzaren 17a
18:43
Entzun

Azken asteetako eredua errepikatzen ari da oraingo honetan ere: koronabirusari buruzko larunbateko datuak argitaratu dituzte, eta atzemandako positiboen kopuruak behera egin du. Larunbatekoak astegunetakoak baino apalagoak izan ohi dira, eta igandeetakoak —bihar emango dituzte—, are apalagoak. 116 positiboren berri eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Horien artean 27 PCR probaren bidez atzeman dituzte. Gainera, Espainiako Osasun Ministerioak adierazi du Jaurlaritzak lehenagoko beste 100 kasuren berri eman diola, eta serie hori aztertzen ari direla. Hego Euskal Herrian, beste bederatzi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez.

Eusko Jaurlaritzak esan du larunbatean beste hamabost kasu atzeman zituztela PCR proba eginda: zazpi Araban, hiru Bizkaian eta bost Gipuzkoan. Espainiako Osasun Ministerioak, ordea, PCR bidez atzemandako hamasei positiboren berri eman du; bat gehiago, alegia. Test azkarren bidez, beste 43 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroan, 58 positibo gehiago atzeman dituzte; horietatik 11, PCR bidez. Kasu aktiboen kopurua jaitsi egin da, halere, sendagiria eman baitiete 3.751 pertsonari.

Hildakoen kopuruak gora egin du aurreko egunetakoekin alderatuz gero. Beste bederatzi lagun hil dira Euskal Herrian: bat Araban, sei Bizkaian eta bi Nafarroan. Ospitaleetan 487 paziente ari dira artatzen, eta 65 daude zaintza intentsiboetako unitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.