Gasteizko udaltzainek beste bi taser pistola izango dituzte

Beste bi T10 pistola elektriko erosiko ditu udalak, eta, horrela, gisa horretako lau arma izango ditu Gasteizko Udaltzaingoak. Hurrengo urtean beste hiru gailu erosiko dituztela iragarri du Segurtasun zinegotziak.

Polizia bat taser pistola batekin. BERRIA
Polizia bat taser pistola batekin. BERRIA
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko azaroaren 11
11:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak beste bi taser pistola erosiko ditu udaltzainentzat, Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak gaur jakinarazi duenez. Horrela, oraingoz, gisa horretako lau pistola izango ditu Gasteizko Udaltzaingoak, iaz beste bi erosi baitzituen udalak. 18.000 euroko aurrekontua erabiliko du horretarako. Taser pistolarekin batera, gorputzean eramateko bi kamera eta hainbat material osagarri ere erosiko dituzte.

Joan den urtean erabaki zuten udaltzainak T10 pistola elektrikoak erabiltzen hastea, poliziek beraiek eskatuta. Udal gobernuak, abantailak eta desabantailak aztertu ondoren, erostea erabaki zuen, baina Poliziak zortzi erosteko eskaera egin zion udalari, bi pistola gutxi zirelakoan. Fernandez de Landak gaur iragarri du hurrengo urtean beste hiru pistola erosiko dituztela.

Segurtasun zinegotziaren esanetan, taser pistola gehiago izateak Poliziari aukera emango dio «eraginkortasun handiagoz» aritzeko arrisku egoeretan, hala nola «istiluetan, genero indarkeriako kasuetan edo objektu zorrotzak erabiltzen diren liskarretan». Zinegotziaren arabera, tresna horri esker udaltzainek «segurtasun distantzia egokian» egin ahal izango dute lan, gehienez 13 metroko irismena baitu, eta «eraginkortasun oso handia». Gainera, azpimarratu du pistolek «disuasiorako edo prebentziorako balio handia» dutela, eta horri esker gehienetan ez dela beharrezkoa izango horiek erabiltzea.

Taser pistolek bi zunda jaurtita funtzionatzen dute, eta horiek, gorputzarekin kontaktuan, nerbio sistema motorra blokeatzen dute, eta immobilizazio neuromuskularra eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.