Lur biltegiarena adibide bat soilik zela ohartarazia zuen Gipuzkoako Diputazioak, AP-1eko lanetan irregulartasun gehiago ere bazeudela. Ikerketa bat oinarri hartuta egin du salaketa orain: beste 10,3 milioi euro bidegabe ordaindu zituzten, egin gabeko obrengatik. Tunelak ikertu dituzte, eta frogatutzat jo dute ordaindu baino lan txikiagoak daudela eginda. Besteak beste, tunelen bueltan ez dago esandako hormigoiaren erdia ere. Lur biltegiaren kasuagatik jo zuen auzitara aldundiak —3,4 milioi gehiago pagatu zirela salatu du—, eta kereila handituko du orain. Denera 13,7 milioiren salaketa da.
Bide Azpiegituretako Departamentuko buruek eman zuten atzo salaketaren berri: Larraitz Ugarte diputatuak, Joseba Altube Errepide zuzendariak eta Unai Erroitzenea Mugikortasun zuzendariak. Irudi eta guzti aritu ziren kazetarien aurrean, Ingeotyc enpresaren datuekin —EHUren altzoan sortutako ingeniaritza enpresa da—.
Basagoitiko lur biltegiaren gaia ikertzen aritu dira azken asteetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan—esan baino 900.000 metro kubo gutxiago daudela salatu du diputazioak—, eta batzorde hartan iragarri zuen Altube zuzendariak ez zela hura AP-1eko obretako irregulartasun bakarra: 88 partida puztu egin zituztela adierazi zuen.
Enpresek galdegin baino hogei milioi gehiago ordaindu zizkietela, salaketa hori egin du azken asteetan diputazioak. Orain eman ditu hori frogatuko luketen argudioak. Adierazi du begirada soilez ikus ez daitezkeen lanei zegozkiela igoera handienak, eta horregatik eskatu zutela azterketa bat. Lan jakin batzuk ikertu dituzte, beraz.
Kopuru «eskandalagarriak» topatu dituzte, Ugarteren arabera. Zenbakitan: ikertutako obrengatik 13,1 milioi euro ordaindu zituzten, baina, ingeniarien arabera, 2,8 milioi bakarrik daude justifikatuta. Laurdena ere ez. Bidegi auziak are larritasun handiagoa hartu duela ohartarazi du diputatuak: «Hau guztia ikusita, balorazioak soberan daude. Datuak oso argiak dira, eta berehala jarriko ditugu epailearen esku, ikerketari ekin diezaion. Oso serioa da hau».
Akusazioa, hiru inputatuei
Lehen jarritako kereila zabaldu egingo du diputazioak, txostena frogatzat hartuta. Ez du, hala ere, delitu berririk salatuko, orain arteko delitu berberak liratekeelako: dokumentuak faltsutzea —lanen likidazio agirietan bildutako kopuruak ez datozela bat benetan egindakoarekin— eta diru publikoa oker erabiltzea —egin gabeko obrengatik ordaindu egin zutela—.
Hiru lagun daude inputatuta: Bidegiko zuzendari tekniko ohia, eta bi enpresatako arduradunak —bat, eraikuntza enpresen ordezkaria; bestea, obraren zuzendaritza egin zuen ingeniaritza taldeko ordezkaria—. Auzitegian deklaratu dute hirurek. Aldundiak peritu txosten bat ere bidali du auzitegira, eta asteon deklaratu du hura egin duen ingeniariak. Irregulartasunak daudela berretsi du. Beste kasu batzuk salatu arren, aldundiak ez du inor gehiago akusatuko, hiru inputatuak jotzen baititu oraingo kasuen erantzule.
Dirutan, orain arte ikergai izan dena baino handiagoa da salaketa berria. Hiru irregulartasun salatu ditu diputazioak aurrez: Basagoitiko biltegian ez dagoela sinatu adina lur, Basagoiti erabil zitekeen garaian hala ez balego bezala ordaindu zirela gehigarriak, eta egin gabeko indusketa batzuk pagatu egin zirela. 3,4 milioi denera.
Aurrekoen ildokoa da oraingo salaketa; sei kasu ditu aipagai. Dirutan dago aldea: beste 10,3 milioi dira. Frogak gehituta, Ugartek uste du auzitegietan bidea egingo duela Bidegiren auziak: «Baldintza guztiak daude kereilak aurrera egiteko eta bukaerara heltzeko».
EH Bildu eta EAJ, parez pare
Aurrez aurreko gogorra eragin du auziak EH Bilduren eta EAJren artean —jeltzaleak agintari zirenekoak dira ustezko delituak—. EAJren ustelkeria kasua dela iradoki du koalizioak ikerketa batzordean; «matonismo politikoa» egitea leporatu dio hark EH Bilduri.
Diputazioak kereila zabalduko duela jakinda, Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak berretsi du «salaketa faltsua» dela. EAJren arabera, ikerketa batzordean frogatuta geratu da Basagoitin falta diren lurrak «obran» daudela; agiriak badaudela nabarmendu du. Kereila zabalduta, auzitegiaren zain geratuko da EAJ. Ondoren eurek auzitara jotzeko aukera zabalik utzi du: «Artxibatzeari edo epaiari itxarongo diogu neurri judizialak hartzeko, ezker abertzalearen difamazio eta kalumnia estrategiari aurre egiteko».
'Bidegi auzia'
Beste hamar milioiren salaketa
Bidegiren auziko kereila zabaldu egin du aldundiak: egin gabeko lanengatik beste 10,3 milioi pagatu zituztela dio.Ustezko iruzurra 13,7 milioikoa da.«Oso larritzat» jo du Ugartek kasua; EAJk, gezurtzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu