Beste hiru egoiliar zendu dira Bizkaian

Azken astean hamabi egoiliar zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Egoiliarrei bisitak egiteko karpak zahar etxe batean, artxiboko irudian. IñIGO URIZ/FOKU
2020ko abuztuaren 27a
12:01
Entzun

Koronabirusaren ondoriorik muturrekoenak pairatzen ari dira zahar etxeetako egoiliarrak. Birusa gogor sartu da zentro horietan: hainbat kutsatze izateaz gain, heriotzak ere eragin ditu. Azken sei egunetan, bederatzi egoiliar zendu dira. Arabako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen Zuiako zahar etxe bateko egoiliar bat hil zela gaitzaren ondorioz. Zentro horretan, 25 positibo atzeman dituzte egunotan, eta kutsaturik zegoen egoiliarretako bat da zendu zena. Halaber, gaur beste hiru heriotzen berri eman du Bizkaiko Diputazioak: hiru egoiliar zendu dira azken orduetan Bizkaian gaitzaren eraginez. Udako agerraldiak hasi zirenetik, Arabako zahar etxeetako lehen heriotza da atzokoa. Bizkaian 10 egoiliar zendu dira azken astean, eta Gipuzkoan beste bat. Gainera, hilaren 15ean beste egoiliar bat hil zen Donostian.

Zahar etxeetako kutsatzeak nabarmen igo dira egun gutxian. Bizkaian, esaterako, hilaren 9an hiru egoiliarrek zuten gaitza; orain berriz, 120 dira. Atzeman diren kasu gehienak, halere, asintomatikoak dira, eta prebentzio gisan eginiko PCR probetan detektatu dituzte. Araban, 33 kasu daude une hauetan; horietatik 24 Zuiako zahar etxean. Gipuzkoan, apalagoak dira kasuak: sei positibo daude Donostiako zahar etxe batean; Nafarroan, aldiz, hamasei kasu atzeman dituzte Tuterako zentro batean. Beraz, agintariek jakinarazi dutenaren arabera, gaur egun 175 egoiliarrek dute gaitza Hego Euskal Herrian.

Birusak ez die, ordea, egoiliarrei soilik eragiten, zahar etxeetako langileen artean ere badira kasu ugari. Bizkaian, 89 langilek eman dute positibo COVID-19aren proban eta beste 77 bakarturik daude. Gipuzkoan, azken datuen arabera, hamazazpi langilek dute gaitza. Araban, gutxienez bi langile kutsatu dira azken egunetan, baina Foru Aldundiak ez du langileen egungo egoeraren datu zehatzik eman, eta Nafarroako Gobernuak ere ez ditu datu horiek jakinarazi.

Bestalde, osasun langileak PCR probak egiten ari dira Busturialdeko zentro soziosanitario guztietan. Izan ere, Gernikan (Bizkaia) agerraldi bat dago iragan astetik, eta kasuak nabarmen ugaritu dira inguru hartan. Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, 600 langile ingururi egingo dizkiete testak asteburuan zehar. Intzidentziak ere ugaritu egin dira Donostian eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta, horrenbestez Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du zahar etxe batzuetako bisitak bertan behera uztea hamar egunez: Lasarte-Oriako Atsobakar eta Donostiako Aldakonea, La Paz eta Alai-Etxe zahr etxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.