EH Bilduk ohartarazi dio gauza bat dela inbestidura eta bestea legealdia, baina Maria Txibite prest dago beste lau urtez bidea egiteko, abiapuntuan. Gaur hautatuko dute Nafarroako Gobernuko lehendakari. Atzo, inbestidurako lehen osoko bilkura berezian, elkar ulertze politikoaren eta gizartearen elkarbizitzaren aldeko mezua eman zuen PSNren lehendakarigaiak. Euskal Herritik at, Espainian, PPren eta Voxen arteko akordioen aurrean mehatxaturik sentitzen diren herritarrei mintzatu zitzaien. «Gure lurraldean bizi diren pertsona guztiak lasai eta erabat seguru egon daitezke euren alboan izango dutelako eskubide guztien aldeko konpromisoa eta sentsibilitatea duen gobernua». Bere hasierako hitzaldian gehien errepikatu zuen hitza izan zen elkarbizitza, ideia hori azpimarratu nahi baitzuen: «Beste edozein kontsiderazio politikoaren aurretik dago. Elkarbizitzarik gabe, ez dago aberastasunik».
Zubi betean antolatu zuten bi egun iraungo duen inbestidura saioa. Atzoko osoko bilkurak bete beharreko tramite baten traza hartu zuen. Gonbidatu gutxi zeuden goiko harmailetan, eta are giro lasaiagoa zegoen parlamentutik kanpo, karrikan.
Behin hautagaiaren eta taldeetako bozeramaileen arteko eztabaida amaituta, 17:20an bozkatu zuten 50 parlamentariek, eta ez zen sorpresarik izan. Espero bezala, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako 21 parlamentariek alde bozkatu zuten, eta UPNko, PPko eta Voxeko 20ek, kontra. EH Bildu abstenitu egin zen. Gehiengo osorik ez zuenez, Txibite ez zen hautatua izan, baina gaur aski izango zaio gehiengo soila lortzea. Hau da, gaurko 17:20ra arte itxaron beharko du berriz lehendakari izateko.
Euskaraz, esaldi bat
Txibitek 09:30ean ekin zion saioari, eta hiru ordu laurdenez hitzaldia irakurri zuen. Lehendakaria denetik lehen aldiz, euskaraz pasarte bat ahoskatu zuen parlamentuan. Geldo, pare bat hitzetan trabatuz, kostatu zitzaion honako hau esatea: «Errespeturik handiena diogu euskarari, legearen testuinguruan, errealitate soziolinguistikoaren logikatik abiatuta». Idatzizko diskurtsoan beste esaldi bat zuen euskaraz prestatua, baina pasarte horretara iritsi zenean, saihestu egin zuen.
Dokumentuaren edukia ezagutzera eman denetik, euskararen arloan sinatzaileen artean desadostasun franko badirela argi geratu da. Dena den, Txibitek azpimarratu zuen «[Euskararen] legearen barnean» akordio sozial eta politiko «zabala» bultzatuko dutela «errealitate soziolinguistikoa eta borondatea aintzat hartuta». Aurreratu zuen bigarren plan estrategikoa bultzatu nahi dutela eta babesa adieraziko dietela euskaltegiei eta euskarazko komunikabideei. Argi utzi zuen, hori bai, ez dutela zonifikazioa amaitu nahi, ez dagoelako horretarako gehiengorik.
Oro har, tonu pausatuan eta monotonoan azaldu zituen bere gobernuaren gida lerro nagusiak, eta, amaierara heldu zenean, bere ikuspegi pertsonala eman zion hitzaldiari. «Jakina da politikaren defendatzaile irmoa naizela. Politika zerbitzu publiko bat da, nire ustez, eta politika eraginkorraren aldekoa naiz; gertaeren politikan sinesten dut eta, zintzoa delako, konfiantza sortzen duen politika dut gogoko. Lau urteotan asko ikasi dut, eta hala egiten jarraitu nahi dut, ohorea eta ardura baita lurralde hau gidatzea». Azken hitz horiek ahoskatzean, bost segundoko isilune luzea sortu zuen, eta ahotsa urratu zitzaion. Biziki hunkiturik, iragarri zuen «beti hobetzea bilatzen duenaren umiltasunez» aurkeztu zuela bere hautagaitza.
Nabarmendu nahi izan zuen gobernatzea «talde lana» dela eta bide horretan «une zailak, pozgarriak, zalantzaz beteak, lorpenak eta hutsegiteak» egon ohi direla: «Talde horietan pertsonak gaude, eta ez gara perfektuak. Zor gatzaizkion gizarte horren alde hoberena emateko gaude hemen», promes egin zuen.
Goizean zein arratsaldean, Txibiteren hitzetan islatu zen bere gobernuak Euskal Herritik at PPk eta eskuin muturrak hitzartu dituzten akordioen kontrako norabidean egingo duela aurrera: «Gehiengo aurrerakoi honek handitzen jarraituko du, eskuina zenbat eta muturrerago joan eta guk zenbat eta aurrerago jo. Ez ditugu zerbitzu publikoak desegingo, laguntzak murriztuko, eskubideak kenduko, inor baztertuko. Ez dugu lehen mailako eta bigarren mailako pertsonaz osatutako gizarte bat eraikiko».
Politikoki eroso, zentraltasunean kokatu zen. Nabarmendu zuen herritarrek nagusiki bozkatu dutela «elkarbizitzaren eta elkar ulertzearen» alde. Halaber, aldarrikatu zuen estatu deszentralizatu bat, non Madrilek eta Iruñeak elkarren arteko lankidetzan oinarrituta gobernatuko duten «lurralde arloko tentsiorik eragin gabe».
Horrekin erlazionaturik, autogobernua hartu zuen hizpide. Iaz 40 urte bete ziren Foru Hobekuntza onartu zela, et,a akordio programatikoan jaso denez, legebiltzarrean lantalde bat sortuko da lege organiko horretan zer moldaketa egin aztertzeko. Txibiteren arabera, beharrezkoa da alor horretan ere aurrera egitea: «Adostasunak bilatu nahi ditugu gure eskumenak XXI. mendeko erronketara egokitzeko. Aurreko legealdian, hiru eskumen lortu genituen. Urrats historiko bat izan zen, baina aurrera egiten jarraitu nahi dut». Arratsaldean, EH Bilduren eskaerak entzun ondotik, Txibitek argi utzi zuen bide horrek bere mugak dituela: «Horrekin ez dugu bilatuko ez Nafarroaren independentzia ez eta Euskal Herriarena ere».
«Ausart» jokatzeko asmoa
Akordio programatikoa hitzartzea kostatu dela onartu zuen, baina uste du oinarri ona dela datozen lau urteetan aurrera egiteko. «Ausartak izan behar dugu aurrean ditugun erronkak garrantzi handikoak baitira. Urrats bat aurrera egin behar dugu. Beti esan dut inertzia ez dela bidea. Egin dugun horretan soilik ez; egin genezakeen horretan guztian pentsatu beharko genuke».
Txibitek espero du bere gobernuak berdintasunaren bandera astintzea. Berriki, indarkeria matxista auzitan jartzeko baliatu zuen Voxek legebiltzarraren aurrean egin zen elkarretaratze bat, eta, eskuin muturreko bi parlamentariek halako abaguneak balia ditzaketenez, eztabaida piztu da aurrerantzean zer egin. Txibitek atzo iragarri zuen ez dutela «inolako mespretxurik onartuko, ez eta atzerapauso bakar bat ere». Alor horretan egin daitezkeen atzerakada ororen aurka egingo dutela ohartarazi zuen. Bere gobernua «feministatzat» jo zuen, eta berdintasun politikak arlo instituzionalean «ahalik eta gehien» bultzatuko dituztela aipatu zuen. Hala, indarkeria matxistaren prebentziorako eta biktimen arretarako neurriak bultzatuko dituzte.
Ekonomiaren arloan, industriaren moldaketa jarri zuen ardatz nagusi gisa, eta ziurtatu zuen datozen lau urteetan Europako funtsen eragina «gehiago» nabarituko dela. Azpiegiturei dagokienez, AHT azaletik aipatu zuen. Nafarroako Ubideaz, berriz, zin egin zuen ura «Erriberara» ailegatuko dela.
Nafarroako inbestidura saioa
Beste lau urtez, bidea egingo du
Gaur hautatuko dute lehendakari Maria Txibite, 17:20an egingo den bigarren bozketan. PSNko lehendakarigaiak herritarrei ziurtatu die eskubideetan ez dutela atzerapausorik onartuko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu