Zangozako Udalak (Nafarroa) adierazi du beste neurri batzuk ezarriko dituela herrian, azken orduetan 18 positibo atzeman ostean. Udalak azaldu du Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari dela "etengabe" egoera aztertzeko, eta bihar emango dutela neurri horien berri. Ostegunean, PCR probak egin zizkieten Zangozako enpresa bateko langileei, aurreko agerraldi batekin kontaktua izan baitzezakeen langile batek. Guztira 181 proba egin dituzte: lau positibo zuzen atzeman dituzte, eta beste 14 horiekin lotura dutenak.
Udalak hartuko dituen neurriak aisialdiari lotuta egongo dira batik bat, baina bestelako eremuei ere eragingo diete, Osasun Sailak aurreratu duenez. Izan ere, haur eskolak ixteko asmoa du udalak, baita igerilekuak eta jolas parkeak ere. Litekeena da tabernek eta jatetxeek gauerdian itxi behar izatea.
Gaur goizean, ekitaldi bat egitekoa zen Nafarroako Gobernua Zangozan, Birpopulaketaren autobusa aurkezteko. Maria Txibite gobernuko presidentea hara joatekoa zen, baina bertan behera geratu da kasuen gorakadaren ondorioz.
Hegoaldean, 234 kasu
Hego Euskal Herrian 234 positibo izan dira azken orduetan, gehienak berriro ere Bizkaian. Herrialde horretan, 105 kasu detektatu dituzte; Nafarroan, 78; Gipuzkoan, 29; eta Araban, 20. Jaurlaritzaren esanetan, bi kasu atzeman dituzte erkidegotik kanpo. Ospitaleratzeei dagokienez, hamar pertsona eraman dituzte opsitalera gaitza dela eta, eta zazpi ZIUetan daude.
Araban detektatu diren 20 kasuetatik 18 Gasteizen izan dira. Asteburuetan nabarmen egin dute gora kasuek hiriburuan: ostiraletik 108 kasu atzeman dituzte. Gaur jakinarazi dute Poliziak bi jatetxe, taberna bat eta diskoteka bat itxi dituela han, zenbait positibo atzeman ostean. Halaber, Osasun Sailak ez du asmorik proba masiboak egiteko osatu horietan izan diren bezeroei. Donostian ere, beste jatetxe bat itxi dute, bertako zerbitzari batek positibo eman duelako.
Bilbon ere, kasu ugari izan dira azkenaldian. Azken zenbaketetan 48 positibo detektatu dituzte, eta ostiraletik dagoeneko 174 dira. Ostegunean, Osasun Sailak dei egin zien uztailaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan izan ziren pertsonei PCR proba egitera joateko. Igandera bitarte, 365 pertsonak egin zuten testa, eta horietatik 27k positibo eman zuten. Nafarroan, kasu gehienak ere hiriburuan daude. Nafarroako Osasun Sailak jakinarazi du Iruñeko osasun eremuan atzeman dituztela kasuen %64, eta Tutera inguruan %12.