Beste norbaiten esperoan

Ezker Anitzak datozen urteetako estrategia adostu eta zuzendaritza eta estatutuak berrituko ditu gaur, bere IX. Batzarrean. Ahal Dugu-rekin sakondu nahi ditu harremanak

Isabel Salud Ezker Anitzako idazkari nagusia eta Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-koa, iazko maiatzean, Bilbon. L. TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Azken urteetako batzarrik lasaiena izango dute Ezker Anitzakoek. Alde batera utzi dituzte alderdia kontrolatzeko lehiak, eta, giro horretan, egungo zuzendaritzak proposatuko du iaz abiatutako bidean sakontzea: ezkerreko alderdi eta eragileekin harremanak «sendotzea eta zabaltzea», herritarren aktibazio eta mobilizazioa indartuz, besteak beste, «bloke politiko eta sozial» bat sortzeko EAJ-PSEri aurre egiteko euskal instituzioetan. Hori da datozen lau urteetan garatu nahi duen estrategiaren ideia nagusia; horrekin batera, alderdiaren zuzendaritza eta estatutuak berrituko dituzte gaur, Barakaldoko Bic Bizkaia Ezkerraldea zentroan egingo duten IX. Batzarrean.

Alderdia gidatzeko hautagai bakarra aurkeztu da: Isabel Salud egungo idazkari nagusia. Ezustekorik ezean, karguan jarraituko du. Salud EPK Euskadiko Partidu Komunistako burua ere bada, 2002tik. Alderdi horrek kontrolatzen du gaur egun Ezker Anitza. Saluden asmoa da Iñigo Martinez legebiltzarkideak rol berezia jokatzea zuzendaritza berrian, betiere aukeratua irteten bada. Gaur ere aurkez daitezke hautagaitzak.

Zuzendaritzako karguen %60 hautatuko dituzte 120 kidek, herri, eskualde eta lurralde mailako batzarren ordezkari gisa. Gainontzeko %40ak, militanteek, bozketa bidez, aurrerago. Saluden taldearena da ponentzia bakarra, eta 150 zuzenketa proposatu dituzte. Inork ez du ezbaian jarri zuzendaritzaren ildo estrategikoa; zuzenketak «teknikoak» dira.

Saluden taldeak aurrera jo nahi du Podemos-Ahal Dugu-rekin abiatutako elkarlanarekin —konbergentzia hitza erabiltzen du—, eta hori, ahal izanez gero, zabaldu egin nahi du. Bozetara elkarrekin aurkeztearen aldekoa da; betiere, nork bere «identitateari» eusten badio. Iaz, Espainiako Gorteetarako bozetan hasi zuten bide hori Podemos-Ahal Dugu-koekin, zerrenda bateratuak eginez; eta Eusko Legebiltzarrerakoetan berriz erabili zuten formula hori. Ezker Anitzaren militanteen %89,6k egin zuten alde. Espazio hori zabaltzeari begira, Euskadi berria agiria kaleratu zuen iaz, eta bilerak egin ditu eragileekin. Agiri hori «berrituko» dute gaur.

Zuzendaritzak bere analisian aliatu gisa ikusten ditu Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu, baina uste du biek «argitu» behar dituztela euren estrategiak; barne eztabaida prozesuetan daude. Ezker Anitzak dio bere xedea dela Podemos «ekartzea» ezkerreko «jarrera erradikaletara», Espainian «haustura demokratikoa» gauzatzeko. Podemosen ez dute horren argi hori. IUrekin bat egin izanarekin kritiko azaldu da Iñigo Errejon Politika idazkaria eta Podemosen otsaileko batzarrean Pablo Iglesias idazkari nagusiarekin lehiatuko dena; EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritza Errejonen ildokoa litzateke.

EH Bilduri buruz, berriz, Ezker Anitzak oraintxe gehiago ikusten du EAJrekin «fronte subiranista» bat osatzen, ezkerreko indarrekin alternatiba bat saiatzen baino. PSE, berriz, EAJren «menpe» dagoela dio, eta aliatu posibleetatik kanpo uzten du.

Ezker Anitzak honela definitzen du bere burua: «Ezker alternatibo, antikapitalista, errepublikanoa, antipatriarkala eta ekologista». Espainiaren batasuna defendatzen du, baina erabakitzeko eskubidearen aldekoa da. «Atxikimendu askeko» federalismoa proposatzen du.

Ildo politikoaz gain, estatutuetan ere aldaketak egingo dituzte, IUkoetara «egokitzeko». Aldaketa esanguratsurik ez: organoen izenak aldatu, baina berdinak izango dituzte funtzionamendua eta eskumenak. Ezker Anitza izenari eutsiko dio —Ezker Batuarena behin betiko baztertuz—, eta espainolezkoa gehituko dio, 2004an kendu zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.