Beste pertsona bat atxilotu dute Ordizian (Gipuzkoa), larunbat gaueko liskarrekin lotuta. Polizien aurka egitea eta haiek zauritzea leporatzen diote. Kasua ikertzen ari dira oraindik. Istilu horien ondoren atxilotutako bigarren laguna da. Lehenengoa larunbat gauean bertan atxilotu zuten.
Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, gertatutakoa «onartezina» dela nabarmendu du: «Horrelako jarrerek ez dute lekurik Ordizian». Jakinarazi du istiluetan ordiziar batzuei ere eraso egin zitzaiela. Gertatutakoaren inguruko informazioa biltzen ari direla gaineratu du. Arratsalderako, Bozeramaileen Batzordearen bilerara deitu dute, gaia lantzeko.
Istiluak gauerdiaren ostean izan ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ertzainek abisu bat jaso zuten kalean liskarrak gertatzen ari zirela eta; iristean, hiru pertsonak alde egin omen zuten. Momentuan bat atxilotu zuten, eta lau ertzain zauritu zituzten. Bi ospitaleratu zituzten: batek lepauztaia apurtu zuen, eta masailean ukabilkada bat jaso; besteak ukalondoa lekuz kanpo zuen.
Polizia bat Zumarragako ospitaletik etxera bidali zuten atzo arratsaldean. Zauri larrienak zituen ertzaina, berriz, Gurutzetako erietxera eraman zuten, eta han jarraitzen du, ebakuntzaren zain.
ELA sindikatuak gutun bat igorri dio Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, eskatzeko lehenbailehen dei dezala Ertzaintzako Segurtasun eta Lan Osasuneko Batzordearen bilerara. Batzar horretan, ELAko ordezkariak eskatuko du neurriak har ditzatela Ordiziakoa bezalako egoerarik ez dadin berriro gertatu. Atzo, Esan sindikatuak adierazi zuen «eraso bortitza» izan zela. Euspelek, berriz, azaldu zuen istilua gertatu zenean «gutxieneko zerbitzuak soilik» zeudela eta beste ertzainak han ez zeudenez denbora asko behar izan zutela. Gaineratu zuen taser pistola «ezinbestekoa» dutela beren burua defendatzeko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion neurri horiek «berehala» hartzeko.