Agurne Gaubeka. Behatokiko zuzendaria

«Besterik ezeko hizkuntza gaztelania izaten da»

Hizkuntza eskubideen urraketak adi aztertzen ditu Behatokiak. Bertako zuzendari Gaubekak argi du: justizia administrazioan ugariak dira.

IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun

Agurne Gaubeka (Bermeo, Bizkaia, 1984) Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria da. Justizia administrazioa murru bat da usu euskaraz jardun nahi duten herritarrentzat: oso sendoa, oso garaia. Arloarekin lotutako kexak eta kezkak sarri askotan jasotzen dituzte Behatokian. Aldaketa sakona behar dela uste du.

Ikusi gehiago:Euskara justizian, motel eta trabekin

Zer ikusten duzue zuek?

Bi parametro daude. Bat Espainiako Estatuarena; bestea EAEko administrazioarena. Jaurlaritzak zenbaitetan zuriketa egiten du; esaten du arazoa epaile, letradu eta fiskaletan dagoela. Bai, baina Jaurlaritzaren lantaldearen parte handi batek ere ez du hizkuntza eskakizunik ezarrita. Alde bietako ardura da hemen. Prozedura judizialetako hizkuntza ere beste oztopo garrantzitsu bat da; azkenean, pentsatu behar da Espainiako Estatuan prozedura judizialetarako besterik ezeko hizkuntza gaztelania izaten dela. Euskara erabil daiteke, baina, betiere, inork ez badu defentsarik eza argudiatzen. Azkenean, zuk dokumentu bat euskaraz aurkez dezakezu, baina itzultzera bidaliko dute, eta denok dakigu justizia administrazioa nola dagoen epeen aldetik, prozeduren aldetik. Hori ere oztopo garrantzitsu bat da.

Euskara, gainera, zenbait tokitan ezin da erabili.

Beste oztopo bat hori da. Auzitegi Nazionalean, Hauteskunde Batzorde Zentralean, Auzitegi Gorenean, eta Konstituzionalean, horietan, gaztelania bakarrik onartzen dute. Hau da, adibidez deklarazioa hartu behar bazaio edozein alderi, ez dute uzten euskaraz hartzen. Eta, esaterako, zuk kasu bat baduzu EAEko auzitegi batean eta Auzitegi Gorenera jo behar baduzu kasazio helegite bat jarriz, behartuta zaude helegite hori gaztelaniaz aurkeztera.

Epaile, magistratu eta letraduen artean ezagutza urria da. Hori ere arazo larria da, ezta?

Ez dute betebeharrik euskara ezagutzeko. Espainiak argudiatzen du nahikoa dela interpretazio edo itzulpen zerbitzuekin, eta horrekin bermatzen dela herritar batek euskara erabili ahal izatea. Eta, horra, adibidez, Eibarko epaitegi bateko kasua; herritar batek kontatzen zigun administrazio bide osoan euskaraz jardun zirela, dokumentuak ere hala zeudela, eta gero epaitegietara jo behar izan zutenean, gaztelania erabili behar izan zutela. Epailea euskalduna zen, baina esan zion: «Denok ulertzen zaitugu, baina esango duzuna gero beste batzuek, agian euskara ez dakitenek, aztertu beharko dute». Beraz, kasu horretan, epaileak berak gomendatu zion herritarrari euskaraz ez egiteko. Alde ezberdinek euskararen ezagutzaren derrigortasunik ez izateak hori dakar.

Baina ez da arazo bakarra.

Eusko Jaurlaritzan beti epaile, fiskal eta letraduen ezagutzaren betebehar ez horri begiratzen diote, baina hemen ere badago asko egiteko, eta planak oso luzerako egiten dira. Elefante hau oso mantso doa, eta ez da Estatuko administrazioarengatik bakarrik. Gainera, hizkuntza planak eta egitean askotan aintzat hartzen da zenbat herritarrek abiatu duten prozesu bat euskaraz, eta zenbatek gaztelaniaz... Baina horiek askotan ez dira errealak. Zuk euskarazko euskarriak ez badituzu, euskarako materiala ez baduzu...

Horrek ez du laguntzen.

Gero zera hartu behar da kontuan: lanpostuen soslaiak ezartzerakoan, eta ez da justiziaren eremuan bakarrik gertatzen, eremu soziolinguistikoa aintzat hartzen da. Gernikako auzitegietan postu gehiagotan jarriko dute euskara eskakizuna Bilbokoan baino... Hori ere, herritarren hizkuntza eskubideak eta berdintasuna bermatu nahi badituzu, ez da erreala.

Zein bestelako eredu daude?

Badaude hainbat herrialde non justizia sistemaren hizkuntzak bat baino gehiago diren. Belgikako zenbait eskualdetako epaitegietan, adibidez, hizkuntza bat baino gehiago daude; beraz, alde guztiek ezagutu behar dituzte bi hizkuntzak. Gure kasuan ez dira biak ezagutu behar. Eta zer ekintza justuagoa sistema osoa euskaraz behingoz gaitzea baino?

Kezka bada euskaraz aritzeko?

Jendeak esaten du: «Beldurra dut euskara erabiltzeko halako prozesutan». Beldurra du ez dakielako ondo epaileak nola interpretatuko dituen bere hitzak; ez direlako bereak, baizik eta interprete batek jarritakoak. Bestalde, jendeak helarazten digu, baita ere, oraindik ere espazio horietan uzkurtasunak daudela euskara erabiltzeko. «Euskara erabiltzen badut, tematzen banaiz euskaraz nire deklarazioa egiten, epaileak nola hartuko du? Begi onez hartuko du? Ez? Ez dakit epaileak ze iritzi duen hizkuntzen berdintasunari buruz...». Halako pertzepzioak ere jasotzen ditugu.

Nora jo ezina ere ikusten duzue?

Adibidez, zenbaitetan gurera deitzen du jendeak galdetzeko ea ezagutzen dugun euskaraz lan egiten duen notarioren bat, eta egia da: oso gutxi daude. Zaila izaten da euskaraz aritzeko gaitasuna duen notario bat aurkitzea. Eta beste hainbatetan akaso aurkitzen duzu, baina ez dago ohituta euskaraz lan egiten.

Aintzat hartu behar dira hutsuneak beste nonbait ere?

Justizia administrazioaz ari garenean, espetxeetako zerbitzuak ere barne sartu beharko genituzke. Aurreko batean Jaurlaritzatik erantzun ziguten transferentziaren unean Estatuko administraziotik zetozen langileek ez zutela hizkuntza eskakizunik, baina espetxeetako langileen lanpostuen zerrenda sortzeko prozesua aurrera doala, eta proposamena dagoela hizkuntza eskakizunak ezartzeko. Errealitatea da egun oraindik langile gehienek ez dakitela euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.