Betaurrekoak dauzka Lopezek

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Bai, betaurrekoak dauzka Patxi Lopezek. Bistan arazoak, eta aspaldi jarri zizkioten. Errealitatea nahieran ikusteko modua ematen dioten betaurrekoak. Urrutirako bista ona du: besteek egindako mozketak ikusten ditu ederki, eta egindakoari izen hori jartzen dio: murrizketa. Urrutirako betaurrekoak nola jarri baitzizkioten, ordea, gertukoa ikusteko dauzka arazoak. Ez du mozketarik ikusten. Doiketak, harrotzeko modukoak, ikusten ditu. Oposizioko betaurrekoekin zuzenduko zaio gertuko bista ere, hain segur.

Bista berrikusteko zain egotea baitu onena. Gaur ezingo da osasun etxera joan, eta bihar ere ez, eta etzi ere ez. Jaiegun eta asteburuetan itxi egin dituzte 48 zentro. Baina azkar joan beharko du, gripe garaia iristean erietxeak kolapsatuko baitira; azken urteetan, korridoreetan izan dituzte gaixoak, oheak itxita. Umerik ez du, eta eskerrak; pediatrarik ez baita asteburuetan. Espainia du konparaziorako Lopezek, eta egia da: ez du berrordainketarik ezarri eta aurreztea lortu du botika generikoen bidez. Baina murrizketak egin dituela ohartzeko ez dago lupa hartuta bila aritu beharrik. Aski da betaurrekoak garbitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.