ZER GARA GU?
Bizitzaren ia erdia diktadurapean emana dut. Neska txikia nintzenean gerra kontuak oso urrutiko nituen, aitite-amumaren gauzak. Urteetara konturatu nintzen gerra oste-ostekoa nintzela, Franco eta bere lagun kolpistek burua —eta armak— atera zituztenetik 12 urtera jaioa.
Niretzat, orduko ume askorentzat bezala, etxea zen babesa, egia, benetako eskola. Bertan ikasi nituen Haurtxo danak alkartuta, jolastutzera bagoaz eta Maitia nun zira kantuak, bertan entzun nituen, eta gero irakurri, Kirikiñoren ipuinak eta Pernando Amezketarraren pasadizoak. Amumak erakutsi zidan nortzuk ziren 1936-37an etxeko hirurei —orduan 13 urte zituen gure ama barne— kartzela ekarri zieten salatariak.
Oso goiz ikasi nituen Ondarroako familia abertzaleak, gerran edo ostean umezurtz geratutakoak, galtzaileen lepotik aberastu zirenak… eta hau dana isilik eduki beharra.
Miren Josune jarri zidaten izena, ez elizan, are gutxiago orduko administrazioan. Baina gure aititak zioen bataio-abadeak erdarazko izena aipatzen zuen bakoitzean berak izen euskaldunaz erantzuten ziola eta segurua zen Jainkoak berea entzun zuela. Halaxe sinistuta, belarrondokoren bat hartu arren, euskal izenez ezagutu dut beti neure burua.
Paris eta BBC irratiak entzuten genituen gauero. Eta, interferentziek uzten zutenean, Pirenaika izenekoa ere bai, leiho eta leiho-ateak ondo itxita.
Gure etxebarruan 9 etxebizitza ziren 4 solairutan, konfiantzakoak denak. Horrek hitz egiteko lasaitasun osoa zekarren, eskailera buruan goikoekin edo behekoekin gertakizunen bat kontatzea edo iritziren bat trukatzea ohikoa ziren, behar ziren diskrezio neurriak hartuta.
Gogoan dut Agirre Lehendakaria hil zen eguna. Berria ahoz aho zabaldu eta gaueko irratien zain zeuden gure etxebarruko andreak, non izango ote zen hileta meza, zer egin hara joateko edo nola moldatu Lehendakariaren izenean Ondarroan meza esateko.

Kalean eta lagunartean gure kontu politikoak isilik edukitzen bagenituen ere, bakoitzak ondo genekizkien besteen familien nondik norakoak. Pertsona heldu frankista militanteak ere erraz ezagutzen genituen; euskaraz bizi ginen herrian, diosala egiteko orduan «adios» esaten zuenarekin «agur» esan ordez edo errezoetan «Agur, Maria»-ren ordez «Ave Maria» esaten zuenarekin, amua ezpainean behar zen, frankista sutsu baten aurrean geundela segurua baitzen. Harrigarria bada ere, euskara hutsez berba egiten genuen herrian «agur» marka abertzalea zen, batzuk inoiz erabiltzen ez zutena, euskaldunak —eta sarritan elebakarrak— izan arren.
Â
EUSKOTARRAK GARA GU
Diktadura urteak luze joan ziren, haurrak gaztetzeko, gazteak heldu arora igarotzeko eta helduak zahartzaroan sartzeko beste. Eta isilik egona zen kalea beldurra astintzen joan zen demokraziaren eta askatasunaren egarriz. Elkar ezagutzen joan ginen; batzuk etxean ikasitakoa azalduaz eta beste batzuk kalean ikusitakoa barneratuaz. Txistuz Agur, Zuberoa jotzeagatik atxiloketak, lehen manifestazioak, alderdi politikoen jardun klandestinoak, eliztarren eta sindikatuen mugimenduak eta abar, ikasgai ederrak izan ziren.
Garai hartako bi gertakizun aipatuko ditut gure lagun taldean zirrara galanta eragin zutenak. Bata, Benito Lertxundi entzuten hasi ginenekoa taberna batek kaleratutako bozgorailu indartsu batez; igande goiza zen, Zenbat gara? eta Loretxoa kantuak isil-isilik entzun genituenean. Bestea, San Ignazio egunean gertatu zen: bakea, Gernika eta etorkizuna aldarrikatuz atera ziren «euskal karrozak», ibilbidea amaitu aurretik guardia zibilei esker Berriatura iheska joan behar izan zutenak, «karrozak» kamioi birbilakatuta. 1967a zen.
Esango nuke gure belaunaldiko euskaldun askok urte horietan gauzatu eta garatu genituela elkarrekin jarduteko aukerak. Bakoitzak bere erara egin zuen etxetik kalerako edo haurtzarotik gaztarorako bidea: mendigoizale taldeak edo Arantzazurako irteera kolektiboak, euskara batuarekiko eztabaidak, ikastolen biziberritzea, euskal kantari, idazle eta artisten mugimenduak… dena zen balekoa, dena baitzegoen egiteko demokraziaren eta askatasunaren alde.
Halako batean hil zen Franco, bere aurretik epairik barik 5 gazte eraman ostean. Urte horretan 14-17 urteko gazteen irakasle nintzen. Zain geunden noiz hilko, «ohiko osagile taldeak» zioenari so. Berria jakin eta berehalako sentimenduak izan ziren, poza, geldirik egon ezina, mundu guztiari deitu beharra, ikasleen erreakzioak entzuteko grina, ospakizuna. Eta horrekin batera, une hura bizitzea gehien merezi izan zutenen falta eta eurekiko gogoramena. Egia esan, kezka ere ez zen falta izan.
Begirada bakoitzak panorama bat du lagun. Nireak, 50 urte atzera eginda, etxean ikasitakoaren baliora narama, gure nagusiak ez ziren isildu, uste baitzuten euren irakatsiek ondorengoengan iraungo zutela inon irautekotan. Eta apaltasun osoz, behin baino gehiagotan arriskuak hartuta, demokrazia eta abertzaletasuna irakatsi zizkidaten. Begirada horrekin, gaur ere ikasle.
Â
Josune Ariztondo Akarregi (Ondarroa, Bizkaia, 1948) irakasle, kimikari eta politikari ohia da. Bigarren Hezkuntzako irakasle jardun zen 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera. UEUrekin kimikaren euskarazko irakaskuntzari buruzko liburu bat argitaratu zuen 1979an. Politikagintzan, kargu instituzional ugari izan ditu: Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari eta HABEko zuzendari izan zen, besteak beste. Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatua ere izan zen. EAJn, Euzkadi Buru Batzarreko idazkari izan zen 2000tik 2008ra.