Zaila da nerabe izatea XXI. mendean? Iban Onandia psikologoa (Zornotza, Bizkaia, 1988) galdera hori erantzuten saiatu da EHUren udako ikastaroetan. Hogei urteko ibilbidea du. Jardunbidea dementziaren alorrean hasi zuen, Basurtuko ospitalean egindako praktiketan. Esperientzia horretatik abiatuta, ikerketa proiektu bat garatu zuen erietxean lanean ari zen bitartean, eta baita dementziaren inguruko doktore tesia ere. Ondoren, haurtzaroaren eta nerabezaroaren esparruan hasi zen lanean, bereziki garapen nahasmenetan.
Zelakoa da nerabeen mundua? Uste duzu konplexuagoa dela?
Bai, informazio iturri askoz gehiago dituzte, eta horrek zailagoa egiten du identitate bat garatzea. Gainera, erronka gehiago dituzte. Adibidez, batez beste ezin dira 30 urte bete arte emantzipatu; ondorioz, ez dauzkate emantzipazioak sortzen dituen beharrak, eta ez dituzte garatzen horiek asetzeko konponbideak. Horrek eragiten du nerabezarotik heldutasunera pasatzea nekeza izatea.
Zailtasunak zerikusi handiagoa izan dezake garatzen ari diren teknologia eta tresna berriekin bizimoduarekin baino?
Testuinguru fisikoa ere zaila da. Adibidez, lana aurkitzeko formazio handiagoa eskatzen diete. Lehen, gradu batekin lana aurkitzen zenuen, baina orain master bat edukita ere ez duzu lortzen. Psikologikoki ere ez da erraza: gaur egungo printzipioak, batez ere haurtzaroari eta nerabezaroari lotutakoak, ez dira haien gurasoenen berdinak. Horrek neketsu egiten du nerabeen eta gurasoen arteko komunikazioa.
«Pribatutasuna eta kontrola bereizten dituen marra oso mehea da»
Uste duzu gurasoek kontrol bat izan behar dutela sare sozialetan eta teknologian?
Bai, baina pribatutasuna eta kontrola bereizten dituen marra oso mehea da, eta badaude hori ulertzen ez duten gurasoak. Tresna horiek erabiltzen irakatsi behar zaie, eta esan zer dagoen txarto eta zer ez. Hala ere, askorentzat zaila izaten da, beraiek ere ez dakitelako nola kudeatzen diren. Hutsune horren ondorioz, askok erabakitzen dute zuzenean debekatzea, eta horrek arazo bat sortzen du: nerabeak momenturen batean sakelakoa edo sare sozialak izango ditu, eta, grina handiz heltzen bazaio garai hori, ez dio mesederik egingo.
Uste duzu pertenentzia sentimendua sare sozialetan edo haien inguruan bilatzen dutela?
Bi nerabe mota bereizi behar dira: normatiboak eta arriskuan daudenak. Lehen taldekoek, nolabait ere, osasun mental egonkorragoa daukate, egoki garatzen ari den identitate bat. Aldiz, bigarren taldekoek behar psikologiko bat ase nahi izaten dute sare sozialetan, eta horietan giltzapetuta gera daitezke. Nerabe normatiboek pertenentzia bilatzen dute sare sozialetan, baina haientzat bigarren mailako zerbait da, mugitu ahal diren beste espazio bat. Beharrak benetan asetzen dizkien espazioa analogikoa da.
Nerabe batek talde batean sartzea lortzen ez badu, adibidez kuadrillan edo eskolan, mundu digitalean bilatuko du hori?
Bai; izan ere, badaude gustu, behar eta abarren arabera sortzen diren komunitateak sare sozialetan. Ez da tipikoa, baina bere komunitatea mundu analogikoan aurkitzen ez duen pertsona batek digitalean bilatzen du hori. Parte on bat dauka, agian mundu analogikoan aurkitu ez duen komunitate bat aurkitzen duelako, baina ezin gara garatu soilik sare sozialetan.
«Ez dut uste osasun mental on bat duten nerabeek beren identitatea sare sozialetatik abiatuta eraikitzen dutenik»
Zerk du garrantzi handiagoa identitatearen garapenean: sare sozialek edo ingurune analogikoak?
Sare sozialekin daukagun lehen esperientzia normalean gure kuadrillatik dator; adibidez, lagunen Whatsapp taldea. Zeozer gehiago bilatzen denean egiten da saltoa. Instagramen, esaterako, hasieran lagunei jarraitzen diete, eta gero ezagutzen duten jende gehiagori ere jarraitzen hasten dira. Baina dena identitate fisikotik abiatuta eraikitzen da; ez dut uste osasun mental on bat duten nerabeek identitatea sare sozialetatik abiatuta eraikitzen dutenik.
Arazoren bat daukatenean ingurune digitalera jotzeko joera handiagoa dago?
Orain gutxi argitaratutako datu batzuen arabera, nerabeen %40 edo %45ek adimen artifiziala lagun bezala erabiltzen dute, mota guztietako hizketaldiak izateko, eta osasun mentalari lotutako kontsultak ere egiten dizkiote. Baina tresna horiek ezin dute gai hauen inguruan hitz egin, eta enpresa teknologikoei bururatu zaien konponbide bakarra zera izan da: buru osasunaren inguruko gai arriskutsuak agertzen direnean laguntzeko telefono zenbaki bat jartzea, gurasoekin edo familiakoekin hitz egiteko esan beharrean.
Azkarrago hazten dira gaur egun nerabeak?
Egun badaude pornografia edukiak kontsumitzen dituzten 8 eta 9 urteko haurrak; lehen, askoz geroago gertatzen zen hori. Haurrak heldu bihurtzen ditu horrek. Gainera, gero eta ardura gehiago ezartzen zaizkie. Horrek eragiten du geroagoko etapa batean bizi behar duten zerbait arinegi bizitzea. Beraz, benetan gauza horiek bizi behar dituzten etapetara heltzen direnean, jada ez zaie bizitzeko esperientzia berririk geratzen.
Existitzen al da kristalezko belaunaldia?
Ez, baina beti pentsatu dugu atzetik datozen belaunaldiak kristalezkoak direla. Egia da badaudela hazkuntza modu batzuk hori ulertarazten digutenak. Adibidez, haurrak zirenean baliabide nahikoak ez zituzten guraso askok seme-alabei beharrezkoak eta ez hain beharrezkoak diren gauza guztiak ematen dizkiete. Baina arauak ere beharrezkoak dira. Ikasi behar dute pazientzia izaten. Frustratzea beharrezkoa da; hori gabe, funtzio kognitiboen parte handi bat galtzen da.