Bi aldiz egin du talka Polok

Ignacio Polo Iruñeko UPNko zinegotziak kargua utzi du, legezkoa baino hiru bider alkohol tasa handiagoa emanda

Ignacio Polo Iruñeko zinegotzi ohia eta Simon Santamaria udaltzainburua, aurtengo martxoan. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hamabost urte Iruñeko Udalean egon ostean, atzeko atetik atera da Ignacio Polo UPNko hautetsi eta Hiri Segurtasunerako zinegotzia. Igande arratsaldean zezenplazaren alboan aire zabalean dagoen aparkalekuan autoari atzeraka eragitean talka egin zuen geldirik zegoen furgoneta batekin. Udaltzain batek alkohol azterketa egin ostean, onartutakoa baino hiru bider tasa handiagoa eman zuen. Administrazio arloko zigorrekin batera, Polok kargua alkatearen eskuetan utzi zuen jarraian. Atzo onartu zuen dimisioa Enrique Maiak. Hartara,Polok bi aldiz egin du talka.

Gertaerak igande arratsaldean izan ziren. Zezen plazaren inguruan, aire zabakeko aparkaleku bat dago, eta soilik baimendutako autoak gera daitezke. Udaleko kargu publikoentzako txartel bat zeraman Polok. Autoa hartu eta atzeraka eragitean, furgoneta bat jo zuen. Udaltzain batek alkohol azterketa egin eta botatako aire litroko 0,64 miligramoko alkohol tasa zuen —0,25 miligramokoa da onartutako muga—. Handik Udaltzaingoaren egoitzara eraman zuten, eta, hogei minutuko tartearekin, bigarren azterketan 0,75 miligramo eman zuen, eta azkenekoan berriro 0,64 miligramo.

Automatikoki gidabaimeneko sei puntu kentzen dira, eta administrazio arlotik isuna jarriko diote. Alta, 0,6 miligramoko tasa gaindituz gero, zigor arlotik ere salaketa aurkez daiteke, errepide segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Udalak egin ezean, udaltzainen sindikatuek salaketa aurkezteko asmoa azaldu dute. Poloren alkoholemia proban ustezko irregulartasunak izan zirela salatu dute.

Politikoki, ordea, gertaera horrek bere kargua uztera behartu du Ignacio Polo. Ez du adierazpen publikorik egin nahi izan, eta UPNren gertuko komunikabideekin baino ez du hitz egin. «Inoiz egin behar ez nukeen okerra egin dut. Herritarrei barkamena eskatzen diet». Yolanda Barcinaren lehen legealdian sartu zen UPNko udal zerrendan, eta, geroztik, hamabost urtez, udal gobernuko kide izan da. Hiri Segurtasuneko zinegotzi izan da bi legealditan, eta Simon Santamaria udaltzainburuaren agintari politiko.

Maia Iruñeko alkateak haren dimisioa onartu zuen atzo. «Argi dago egin duena ez dela zuzena, eta berehala erabaki du dimisioa aurkeztea. Azkar jarri zuen kargua nire eskuetan, eta koherentziak galarazi egiten dio karguan jarraitzea». Gabriel Viedmak ordezkatuko du Polo udal gobernuan; Maiak oraindik ez du erabaki Hiri Segurtasuneko zinegotzi izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.