Francoren bi heriotza gozatu nituen. 1974an, Zamoran preso geunden. Osasun arazoengatik El Pardotik inoiz mugitu gabea zena La Paz ospitalera atera zuten. Haren osasunaz aurretik ere berri larriak baitziren, ziur geunden diktadorea jo zitekeela hiltzat. Aldi batera, haren heriotza ospatzen ari ginela, «mirua» bere habiara itzuli zen. Hurrengo urtean benetan hil zen. Abuztuan libre irtena nintzen, eta albisteak Bilboko familia bat bisitatzen harrapatu ninduen. Bua! Zer izan zen hura!
Frankismoa niretzat Etxanoko eskola mistoan hasi zen. Maistra bakarra, berrogei bat ikaslerentzat. Maistraren atzeko horman, altuera inperante batean, Kristo gurutzean eta beherago, ezker-eskuin, Primo de Rivera eta Franco. Eskolara sarreran, bandera espainola jaso, «Cara al sol» edo «Espainiako himno nazionala», eta «Viva Franco» eta «Viva España» oihuak.
Nik, guk, zorte handia izan genuen. Maistra on-ona zen. Ez zigun ideia frankistarik inkulkatzen, ez euskararik debekatzen. Bandera jasotzea eta kantak niretzat ia dibertsio bat ziren. Grazia ere egiten zidan zenbait deformaziok: «Cara al sol con la camisa rota y el culo al aire por detrĂ¡s» edo «por Dios, por la pata del buey lucharon nuestros padres». Uste dut maistrak entzungor egiten zuela.

Gure aita gerran ibilia zen eta, ondoren, «trabajadoreak» izeneko sailean. Gure amak, urtebete eta biko haurtxo birekin, ebakuatu beharra izan zuen, Etxanotik Somorrostrora. Kontatzen zuen behi bat eraman zutela, bidean haurtxoei esnea emateko, eta kendu egin ziotela, nahiz eta berak negar batean erregutu: «Mesedez! Zer eman behar diet haurrei, behia kentzen badidazue?». Noizbait, etxera itzultzean –umeak bizirik, zorionez!–, etxea apurtuta aurkitu zuen. Altzari mordoa auzoko izeba baten etxean ikusi zuen, baina ezin eskatu, beste bandokoa zelako. Etxanoko alkatea etxe ondotik pasatu zen batean, amak esan zion: «Aurten ezingo dut indabarik entregatu udaletxean, umeei emateko ere ez daukat eta». Eta alkateak: «Ba, erosi egin beharko duzu». Eta horixe egin behar, dirua ahal zuenari eskatuta. Gernika bonbardatzean, eta gerran, oro har, non eta nola ezkutatzen ziren kontatzen zuen. Aitak ere gerrako, gerra aurreko eta gerra ondoko gauza asko kontatzen zituen.
Hamaika urterekin, Zornotzako karmeldarren komentuan sartu nintzen. Erdara zen hizkuntza ofiziala, baina ez ziguten debekatzen euskaraz egitea. Gainerakoan, nahiko lan neukan neure gain eramaten etxetik internatu batera pasatzeak sortu zidan tristura eta sarritan beldurra. Bigarren urtean, Derioko seminariora aldatu nintzen. Hemen gauzak asko estutu ziren. Galdurik eta kikildurik aurkitu nintzen masa biolento samar hartan. Lehen aldiz ikusi nuen euskara gaizki ikusia zela. Debekatua ere bai.
Hamasei bat urterekin hasi nintzen «norbait» izaten eta, batez ere, egoera moralaz, politikoaz, sozialaz eta kulturalaz kontzientzia hartzen. «Zergatik dago gure hizkuntza hain gaizki ikusia?». «Zergatik tematzen dira ‘politikan sartzea’ hainbeste kondenatzen?». Adibide kontradiktorioena izan zen Gurpide gotzainak Iturmendi, Francoren justizia ministroa, seminariora ekarri zuenekoa. Ministroak Ama Birjinaz hitz egin zigun, eta gotzainak politikaz. Inolako politikan sartzearen kontrako arenga bat. Eta Franco paliopean!
Nire eboluzio intelektuala eta morala azkar garatu ziren. Hamazazpi urterekin, nire burua errebeldia argi batean kokatua zen. Ez dut esango kontzientzia «osoa», baina gero izan naizen guztia jada taxutua zen. Gutxiengo bat bazen ere, Derioko seminarioan azpi-mugida azkarra eta indartsua garatu zen. Gainerako apaizgai urteak, beste sei oraindik, ideiak gehiegi ez bistaratzeko, baina praktika batera eramateko oreka zaindu bat izan ziren. Apaiz egiteak zelai zabalera jaurti gintuen. Han ez zen beste trabarik, Euskal Herrian abiatua zen pizkundea erritmo onargarrian eramaten asmatzeko ardura baizik. Eta elizan, kontzientzia moralak askatzeko. Eta, jakina! Frankismoaren zama guztia gainean. Baina baita sasoia eta idealismoa ere. Gurea ez zen antifrankismoa bakarrik, baizik, batez ere, Euskal Herriaren eskubide politiko, sozial eta kulturalen aldarria eta defentsa.
Pena bat adieraziz amaituko dut. Askori entzun diet euren etxeetan ez zela politika konturik aipatzen, beldurrez. Gure ama eta aita oso emanak ziren garai haietako berriak kontatzera. Entzuten genuen, baina arreta handiegi gabe. Kontzientzia osora iritsi nintzenean ere, ez zitzaidan otu haien esanak –datak, datuak, egoerak, bizipenak– ordena antolatu batean jasotzea. Pena handi bat!
Â
Xabier Amuriza Zarraonaindia bertsolari, idazle eta euskaltzain urgazleak (Etxano, Bizkaia, 1941) sei urte egin zituen preso, 1969tik 1975era, Zamorako apaiz kartzelan. 1976an apaizgotik irten, eta birritan irabazi zuen Bertso Txapelketa Nagusia, 1980an eta 1982an. Herri Batasuneko legebiltzarkidea izan zen 1986 eta 1990 artean. Idazle gisa bide oparoa egina du, nobelagintzan eta saiakeran, batez ere.