Bi gizon atxilo eraman zituen larunbatean Gasteizko Udaltzaingoak, indarkeria matxista leporatuta. Goizaldeko seietan izan zen lehenengo atxiloketa, Sansomendi auzoan. 22 urteko gizon bat bikotekide ohiaren etxean aurkitu zuten udaltzainek. Emakumearengandik urruntzeko agindua zuen indarrean gizonak, eta hura urratzea egotzita atxilotu zuten agenteek.
Bigarren atxiloketa, berriz, Arriagako Atea kale inguruan egin zuten. Lekukoen arabera, gizon batek bikotekideari eraso egin zion, kalean. Lekukoen eta emakumearen testigantzak entzun ostean, gizona Eulogio Serdan pasabidean aurkitu zuten poliziek, eta bertan atxilotu.

