Azken egunotako denboraleak kalteak eragin ditu Amurrioko Mendiko eskola publikoan (Araba), eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bertan behera utzi ditu klaseak bi egunez, gaur eta bihar. Bi astean arituko dira konponketa lanak egiten, baina espero dute asteazkenean eskolara itzultzeko moduan izatea.
Hain zuzen, Jaurlaritzaren arabera, haize bortitzak Lehen Hezkuntzako eraikinaren hormigoizko teilatua estaltzen duten panelen zati bat erauzi zuen atzo, eta «materialak» erortzeko arriskua sortu zuen. «Segurtasun protokoloak» direla eta, eskolak etetea erabaki dute, ikasleen eta ikastetxeko langileen segurtasuna bermatzeko; 280 inguru dira guztira.
Gaur koordinazio bilera egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Amurrioko Udalak eta ikastetxeko zuzendaritzak, «gertaeraren jarraipena egiteko, jarduerak koordinatzeko eta normaltasunera ahalik eta baldintzarik onenetan itzultzea ziurtatzeko». Bi astean obretan arituko dira, eta, «edozein arrisku desagerrarazita», espero dute asteazkenean itzultzeko moduan izango direla.