Istripua

Bi emakume hil dira Lekunberri aldean auto istripuan, A-15ean

Espainiarra eta galiziarra dira hildakoak, 30 urtekoak. Ibilgailuak errepidetik irten du Larraun udalerrian.

2008ko uztailaren 25a
19:03
Entzun
Bi emakume hil dira eta beste hiru zauritu bart Larraunen (Nafarroa), Lekunberritik gertu, A-15ean izandako auto istripuan. Leitzarango autobiako 128,3. kilometroan izan da ezbeharra, 22:45 aldera. Bost emakumeak Peugeot 307 autoan zihoazen, errepidetik irten du ibilgailuak eta maldan behera erori da, Malloak diskoteka zegoen tokitik 35 metrora. Foruzainak gertaera ikertzen ari dira. Denek Iruñean egiten zuten lan, Nafarroako Unibertsitatean, eta ezbeharraren unean Lourdestik (Gaskonia, Frantzia) itzultzen ziren. Ez dute zehaztu non zuten bizilekua.

Hildako bi emakumeak hantxe bertan zendu dira, eta besteak Iruñeko erietxeetara eraman dituzte. Arratsaldean alta eman diete hirurei.

Espainiarra da hil den emakume bat (Valladolidekoa; Ana Maria Lopez Bueno, 1978an jaioa). Sukaldeko teknikari laguntzailea zen. Bestea Galiziakoa zen (Pontevedra; 1978): Susana Rodriguez Gomez. 20 egun zeramatzan Iruñean lanean, eta gozogilea zen.

Autoko gidaria da zaurituetako bat (Murtzia, Espainia; Elena Pacheco Godoy, 1977); bularraldean kolpea dauka. Alkohol froba egin diote foruzainek eta negatibo eman du.

Beste bi zaurituak ere espainiarrak dira: Fuenlabradakoa bat, Davinia Maestre Blanco(Madril, 1983) eta Larderokoa (Errioxa, 1977) bestea: Laura Allo Fernandez; azken honek Bilbon du bizilekua azken urtetan. Hiru zaurituak elikaduraren sektorean egiten ari dira lan Nafarroako Unibertsitateko udako ikastaroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.