Bi eredu, aurrez aurre

Kanpaina aurreko lehen eztabaidan, Esparzak egonkortasunaren alde egin du. EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak aldaketa aldarrikatu dute eta PSNk esan du aldaketa ez dela «ez eskuina ez independentismoa».

Sei presidentegaien arteko eztabaida, atzo, parlamentuko prentsa aretoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Kanpaina ofizialki hasteko bi aste falta dira, baina alderdiei berdin zaie, motorrak bero-bero dituztelako honezkero. Eztabaidaren Nafarroako Elkartearen ekimenez, atzo parlamentuan azken legealdian ordezkaritza izan duten sei alderdietako presidentegaiek lehen eztabaida izan zuten: UPNko Jose Javier Esparza, EH Bilduko Adolfo Araiz, Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko Maria Txibite, Ezkerrako Jose Miguel Nuin eta PPko Ana Beltran. Eztabaidan bi ereduk egin zuten talka: UPNko Jose Javier Esparzak egonkortasunaren alde egin zuen, eta haren gerizpean geratu zen PPko Ana Beltran. Bestalde,Ezkerra, Geroa Bai eta EH Bilduk aldaketaren alde egin zuten. PSN, berriz, linboan geratu zen, UPNrik eta EH Bildurik gabeko aldaketaren alde eginda.

Hautagaien arteko lehen kontaktu publiko horretan, talka dialektiko handirik ez zen izan: alderdi bakoitzak bere proposamenak ezagutarazteko baliatu zuten. Lehiatik kanpo geratu ziren maiatzaren 24an rol erabakigarria joka dezaketen bi alderdi: Podemos Ahal Dugu eta Ciudadanos.

Eztabaidagai nagusietako bat egungo autonomiaren egoera eta nafarren erabakitzeko eskubidea izan zen. Ana Beltranek defenditu zuen PPk inor bezala defenditzen duela Nafarroaren autonomia, eta Espainiako Konstituzioan EAEko lurraldeekin bat egiteko aukera jasotzen duen Laugarren Xedapen Iragankorra kentzearen alde egin zuen. Aldarrikapen bera egin zuen UPNko Jose Javier Esparzak eta gaineratu zuen: «Ez gara hobeto egongo erabakiak Nafarroan hartzeari uzten badiogu. Nafarroak Nafarroa izan behar du aurrerantzean ere».

Erabakitzeko eskubideaz

EH Bilduk, berriz, esaldi horri beste zentzu bat eman zion. Koalizioak azpimarratzen du nafarren erabakitzeko eskubidea «mugarik gabe» defenditzen dutela: «Nafarroak eztabaida sakona behar du herritarrek etorkizunari buruz erabaki dezaten». Ezkerrako Jose Miguel Nuinek aipatu duenez, foruak ez dira pribilegioa: «Guk erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu».

Geroa Baik, berriz, babestu du laugarren xedapen iragankorra «eskubide bat» dela eta ez dela kendu behar. Gainera, euskararen eta nortasunaren inguruan, Uxue Barkosek nabarmendu du «bitan zatitutako Nafarroa» gainditu behar dela, eta aldaketak «ahaltsua, iraunkorra, bateratzailea eta sendoa» izan behar duela: «Euskara eta gaztelera gure hizkuntzak dira, eta aberasten gaituzte». EH Bilduko Adolfo Araizek uste du arazo bat dagoela: «Euskaldunok Nafarroan baztertuak gara, hizkuntza eskubideak tokiaren araberakoak direlako eta ez pertsonen araberakoak». PPko Ana Beltrani «bidegabea» iruditzen zaio euskara ez ezagutzeagatik postuetatik at geratzea profesionalak.

Maiatzaren 24ko hauteskundeen osteko balizko itunei begira, UPNk eta PPk defenditu dute Konstituzioaren aldeko indarrekin ituna egingo dutela. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen ere argi du koalizioaren irizpidea: «Ez dugu hitzarmenik egingo UPN, PP eta Ciudadanosekin eskuina direlako». EH Bilduk«azken 40 urtean erregimenaren parte izan ez diren indarrekin» egin nahi du ituna. Geroa Baik, berriz, «aldaketa nahi duen ororekin egingo ditu akordioak». PSNk, ordea, esan du aldaketa ez dela ez eskuina ez independentismoa: «Itun politika programan oinarrituko da, eta militantziarekin kontsultatuko dugu».

Egoera ekonomikoari begira, EH Bilduk gehien duenak gehien ordaintzeko zerga sistemaren alde egin du. Geroa Baik defenditu du enplegua sortzea izango dutela obsesio. PSNk kontuen ikuskaritza egingo dutela aipatu du, eta UPNk ikerketa eta garapenaren aldeko apustuan jarri du azpimarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.