Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi gizon atxilotu dituzte emakumeei eraso egiteagatik. Irunen atxilotu dute bat (Gipuzkoa), adingabe bati sexu abusu bat egiteagatik. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, erasoa egin duen gizonezkoak 33 urte ditu, eta erasoa pairatu duen neskak, berriz, 17 urte baino gutxiago. Ficoban hasi zen erasoa, joan den martxoaren 4an, Euskotrenen geltokian, eta, trenera igota, jarraitu egin zion gizonezkoak. Erasotzaileak ukituak egin zizkion neskari, bertzeak bertze.
Leioan (Bizkaia) atxilotu dute bertze gizonezkoa: 47 urte ditu, eta neska lagunari labanaz eraso egiteagatik atzeman du Ertzaintzak. Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman dute, hainbat zauri baititu —horietako bat bularraldean—, eta indarkeria matxista eta lesioak egotzi dizkiote gizonezkoari. Etxean egin zion eraso.