Bilboko Aste Nagusiko bosgarren egunean hamabost lagun atzeman ditu Poliziak. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, horietako bat indarkeria matxistagatik hartu dute atxilo, eta beste gizon bati sexu ukituak egin izana leporatu diote. Festak hasi zirenetik 59 atxiloketaren berri eman du udalak, eta horietako sei indarkeria matxistarekin zerikusia duten delituengatik egin dira.
Jai eremuan hamar lagun atxilotu zituzten atzo, eta beste bostak Bilboko beste gune batzuetan. Indarkeria matxistarekin harremana duten bi delituak jai eremuan izan ziren. Atxilotutako beste hamahiru lagunei lapurreta, agintaritzaren aurkako atentatua edo droga trafikoa egozten dizkiete, besteak beste.
Atzoko 07:00etatik gaurko ordu berera bitarte, 50 salaketa jaso ditu Bilboko Udaltzaingoak.

