Gizartea

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon emakumeen kontrako indarkeria egotzita

2010eko maiatzaren 1a
20:08
Entzun
Azken orduetan bi gizon atxilotu dituzte Bilbon beren bikotekideei eraso egitea leporatuta. Bart goizaldean 36 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, laban bat eskuan hartuta Sagarminaga kalean emaztearen atzetik ibiltzea leporatzen diote.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman dituen azalpenen arabera, goizeko ordubatak inguruan herritar batek deitu die Sagarminaga kalean gizon bat emakume baten atzetik labana hartuta zebilela esanez. Hara joandakoan erasoaren jomuga izan den emakumea aurkitu dute, eta eztabaida baten ostean senarra labanarekin atzetik mehatxuka ibili zaiola esan die. Hark emandako azalpenetan oinarrituta senarra atzeman dute, eta 20 zentimetroko laban bat ere bai lurrean botata. Atxilotu egin dute gizona emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta,

Bestetik, atzo gauean 43 urteko gizon bat atxilotu zuten kable batekin emaztea itotzen saiatzea leporatuta. Emakumeak deitu zien, bikotekideak eraso ziola agertuz. Esandako etxera joan zirenean senarrak kable batekin lepoa estutu ziola adierazi zien, eta lepoa gorrituta zuela ikusi zuten ertzainek. Etxean bertan zegoen gizona atxilotu zuten, orduan. Gizonak agertu zien eztabaida izan zuela emakumezkoarekin, eta hark telebistako urruneko agintea jaurti ziola, eta, gainera, guraize batzuk bizkarrean jarriz mehatxu egin ziola. Hori dela eta, lesioak eragitea eta mehatxuak egotzita inputatu egin du Ertzaintzak emakumezkoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.