Udaltzainek bi gizon atxilotu zituzten atzo goizean Gasteizen, andre bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Goizeko zortziak baino lehenago kalean lanean ari ziren udaltzain batzuk hiriko autobus bateko gidaria laguntzera joan ziren, hark bezero batekin arazoak zituelako. Poliziek gidariarekin hitz egin zutenean, hark azaldu zien pixka bat lehenago emakume bat korrika iritsi zela autobusera, izuturik eta oinutsik, eta autobusera igo zela babes bila, gizon bat jarraika zuelako.
Udaltzainek emakumearekin hitz egitea lortu zuten, eta hari segika zihoan gizonezkoa kalean topatu eta harekin ere hizketan aritu ziren. Andrazkoak salatu zuen gertuko etxebizitza batean bi gizonek —segika zuenak eta beste batek— sexu eraso bat egin ziotela; zehazki, substantziaren bat eman ziotela eta ukituak egin zizkiotela bere borondatearen aurka. Emakumeak etxetik ihes egitea lortu zuen, eta autobusera igo zen babes bila. Gizonezkoak, berriz, kontraesanak izan zituen azalpenak ematean, Poliziak dioenez.
Udaltzainak etxebizitzara sartu ziren, eta bertan topatu zuten bigarren gizonezkoa —bat zetorren emakumeak deskribatutako ezaugarriekin—. Etxean zeuden beste lekuko batzuek biktimaren bertsioa berretsi ostean, poliziek bi gizonezkoak atxilotu zituzten. Atxilotuetako batek 28 urte ditu, eta besteak, 29.