Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxista egotzita

Gizonetako bat larunbatean atxilotu zuten, taberna bateko zerbitzariari ukituak egitea leporatuta. Bestea atzo atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita.

Gasteizko mugimendu feministak sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratze bat, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteizko mugimendu feministak sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratze bat, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko abenduaren 9a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igaro den asteburu luzean bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxista egotzita. Horietako bat larunbat goizaldean atxilotu zuten, tabernari bati ukituak egitea leporatuta, eta bestea atzo arratsaldean eraman zuten polizia etxera, bikotekideari eraso egitea leporatuta.

Larunbat goizean, Gasteizko udaltzainek 40 urteko gizon bat atxilotu zuten Done Jakue hiribideko taberna batean. Udaltzainei liskar baten berri eman zieten, eta, bertaratu zirenean, ohartu ziren eztabaidan ari zirela. Lanean ari zen emakumeak kontatu zienez, terrazara joan zen bertan zeuden bi bezeroei abisatzera laster itxiko zutela, eta haietako batek ukituak egin eta irainak esan zizkion. Horren ostean, bezero horrek berak lokalaren aterantz bultzatu zuen, zerbitzariak udaltzainei esan zienez, eta, hori ikusita, gainontzeko bezeroak kanpora atera ziren. Bertan zeuden bezeroei eta langileei galderak egin ostean, gizona polizia etxera eraman zuten.

Koroatzea auzoan atxilotu zuten beste gizona, atzo. Herritar batek udaltzainei ohartarazi zien 31 urteko gizon horrek bikotekideari eraso egin ziola Santo Domingo plazan. Emakumea atzeman zutenean, hari eta pare bat lekukori galderak egin zizkieten, eta guztiek baieztatu zuten erasoa gertatu zela. Lekukotzak aditu ostean, udaltzainek gizona atxilotu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.