Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu asteburuan, indarkeria matxistarekin lotutako delituengatik. Lehena, 41 urteko gizon bat, larunbat eguerdian atxilo eraman zuten udaltzainek, sexu eraso bat egitea leporatuta. Alde Zaharreko Pintore kalean jazo zen gertakaria. Bertan izandako borroka baten harira esku hartzen ari ziren agenteak, eta emakume bat hurreratu zitzaien, kaleko taberna batean gizon batek ukituak egin zizkiola salatzeko. Emakumearen eta lekuko baten testigantzak jasota, poliziek gizona topatu, eta atxilotu egin zuten.
Atzo goizean, berriz, udaltzainek 47 urteko gizonezko bat eraman zuten atxilo, emazteari eraso egitea leporatuta. Bien arteko eztabaida bortitza zela eta, auzokideek Udaltzaingoari hots egin zioten, eta, bertaratutakoan, agenteek egiaztatu zuten gizonak emakumeari eraso egin ziola eta zauriak eragin zizkiola, bikotearen seme-alaba adingabeen aurrean, gainera. Hori dela eta, agenteek gizona atxilotu zuten, indarkeria matxista leporatuta.
Larunbat arratsaldean, agenteek 27 eta 45 urteko bi pertsona atxilotu zituzten, Arabako hiriburuko Santa Barbara plazan «sexu izaerako ekintzak» egiteagatik. Plaza horretan jolasean ari ziren hainbat adingaberen aurrean egin zituen bikoteak jarduera horiek, arratsaldeko zortziak aldera, polizien arabera, eta, horren ondorioz, «exhibizionismo» delitua egotzita atxilo eraman zituzten biak.

