Bi gizon atxilotu ditu asteburuan Gasteizko Udaltzaingoak, indarkeria matxista egotzita. Haietako bat ukituak egitea leporatu diote, eta bertzeari, urruntze agitua urratu eta bikotekide ohiari eraso egitea.
Poliziak abisu bat jaso zuen larunbateko 07:00 aldera, Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kalean emakume bat lurrean konortea galduta zegoela eta. Udaltzainak bertaratu zirenean emaztekiak lurrean jarraitzen zuen, eta atxilotutako gizona eta bertze hainbat herritar zituen ondoan.
Osasun langileek emakumea lagundu zuten, eta hark kontatu zien gizonak ukituak egin zizkiola baimenik gabe. Udaltzaingoak gizona atxilotu zuen, sexu eraso bat egin izana egotzita.
Bigarren atxilotuak 34 urte ditu, eta bikotekide ohiarengana ez hurbiltzeko agindua urratzea eta hari eraso egitea leporatzen diote. Gaur goizaldean emakume baten deia jaso du poliziak: emaztekiak salatu du haren bikotekide ohia etxean sartu dela eta eraso egin diola.
Polizia emakumearen etxera joan da, eta, emaztekiak zauriak zituela ikusita, osasun etxera eraman dute. Gizona identifikatzea lortu dute, eta emakumearengandik urruntzeko agindua zuela baieztatuta, bi delitu egotzita atxilotu dute: urruntze agindua urratzea eta emakumeari zauriak egitea.